GARA > Idatzia > Ekonomia

Bertako jatorri izendapeneko ardoa ekoizteko mahats bilketa hasi dute Nafarroan

Nafarroa Jatorri Izendapeneko 85 milioi kilo mahats bilduko dituzte, aurreikuspenen arabera. Nafar eremua oso zabala denez eta klima aniztasuna duenez, azarora arte arituko dira mahats beltza nahiz zuria biltzen.
p026_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroan hasi dute jada bertako jatorri izendapeneko ardoa ekoizteko mahats-bilketa. Izan ere, chardonnay motako lehen mahatsak jasotzen hasi ziren atzo bertan Erribera inguruan. Aurreikuspenen arabera, aurtengo ekoizpena 85 milioi kilo ingurukoa eta «kalitate onekoa» izango da. Halaxe adierazi zion Efe agentziari Nafarroa Jatorri Izendapeneko Kontseilu Arautzaileko gerente Jordi Vidal-ek.

Aurtengo uzta iazkoa baino txikiagoa izango bada ere, «ohiko» tamaina izango duela argitu zuen Vidalek, eta iazkoa izan zela ohikoa baino handiagoa, batez bestez %15 gehiago bildu baitzuten: «Kantitate ona dator, baina ez iaz bezala, gehiegizkoa». Baimendutako ekoizpenaren mugan ibili ziren iaz.

Mahats biltzea azaroaren erdialdera arte luzatuko da. Izan ere, mahatsa biltzeko nafar eremua zabalera handikoa da eta klima aniztasun handia dago alde batetik bestera. Jatorri izendapen honek, gainera, mahats beltza nahiz zuria baliatzen ditu, eta mota bakoitzak bere zikloa du. Hala, atzo hasiriko bilketa azaroa erdialdean amaituko da, mahats motaren eta eremuaren arabera.

«Kalitate ona espero dugu, mahastia ez baitator beteegia eta ez dugulako ez gaitz-fokurik ez osasun arazorik topatu, eta hori da erabakigarriena», esan zuen Vidalek.

Mahats ekoizpen osoa, Nafarroako Mahasgintzaren eta Enologiaren Gunearen aurreikuspenen arabera, Nafarroa Jatorri Izendapenaren batez besteko kopuruaren bueltan ibiliko da, 85 milioi kilo inguru jasota. Motei erreparatuta, garnatxa, cabernet sauvignon eta merlot kopuru txikiagoa espero da. Tempranilloaren bilketa, berriz, laster hasiko da, eta iazko kopurua mantenduko du mahats zuriak (chardonnay, viura eta ale txikiko moskatela).

Era berean, jatorrizko ardoa ekoizteko mahats eremuak klima ezberdinen menpe daudenez, bilketa iraileko bigarren hamabostaldian orokortuko dela aurreikusi dute.

Jatorri Izendapeneko gerenteak, maila batean, ekoizpenaren beherakada mahastiak errotik ateratzearen ondorio ere badela baieztatu zuen. Izan ere, Europar Batasunak sektorea birmoldatzeko ekoizpena benetako merkaturatzearekin parekatzeko neurriak ezarri ditu, hala «gehiegizko soberakinak» bil ez daitezen.

Edonola ere, sektorearen egoeraz «neurrizko baikortasuna» azaldu zuen Vidal-ek ez baitago «egoera-katastrofikorik». Are eta gehiago, krisiak ekonomia osoan eragina badu ere, mahasgintzak merkaturatzea «behintzat» mantentzen duela nabarmendu zuen eta igoera arina ere izan duela.

Errioxa Jatorri Izendapena

Bestalde, tenperatura altuen ondorioz, Errioxa Jatorri Izendapen kalifikatua ekoizteko mahatsa ohi duena baino lehenago heldu da, eta horren bilketa iraileko lehen egunetan hasiko da.

Aurreikuspenen arabera, Errioxa izendapenari atxikitako 400 milioi kilo mahats bilduko dira aurten. Viñedos de Aldeanueva upeltegi kooperatiba izan ohi da mahats bilketa hasten duena eta Efe agentziari adierazi dionez, datorren irailaren 3an mahats zuria biltzen hasteko asmoa dute.

KALITATE ONA

Nafarroa Jatorri Izendapeneko Kontseilu Arautzailearen arabera, mahastiak beteegiak ez daudenez, eta gaitz fokurik edo osasun arazorik topatu ez dutenez, aurten kalitate oneko mahatsa bilduko dutela uste dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo