GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Wikileaks hondoratuz agertu nahi dute azalera

NATOk eta Pentagonoak Afganistanen eta Pakistanen duten arazoetako bat da munduak susmatzen zuenaren froga ikusi izana Wikileaks web orriak Afganistango gerraren gaineko milaka agiri argitaratu zituenetik. Inbaditzaileen estrategia propagandistikoa nabarmen geratu zen; aldezten omen dituzten balioak eta giza eskubideak, berriz, jakina zen gezurra direla. Hala ere, eman lezake uste dutela mezularia hondoratuz eurak azalera agertuko direla. Beharbada kasualitate hutsa da agirien berri jakinarazi ondoren, Suedian bi emakumek web orriaren sortzaile Julian Assangeren kontrako salaketa bana jarri izana, delitu sexualengatik. Salaketa horietako bat artxibatu egin dute, baina atzo, beste 15.000 agiri argitaratu behar zituztela iragarri ondoren, Suediako Fiskaltzak Assange jazarpenagatik ikertuko duela jakinarazi zuten. Kasualitatea izan liteke, baina susmagarria da Assangek Afganistango gerrari buruzko agiri horiek argitaratu arte haren kontrako inolako akusaziorik egon ez izana. Orain horiek pilatu egiten zaizkio: eraso sexualez gainera, AEBetako hedabide boteretsuenek finantzazio iluna egozten baitiote. Beharbada haren ospea zikintzea lortuko dute, baina nekez garbituko dute berena. Eta, nolanahi ere, Assangeren kontrako akusazioak egia izango balira, NATOko indar «askatzaileen» basakeriak gezurra izango al lirateke?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo