GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Boterearen tolerantzia

 

Ramadana hasia dela, batzuek «islamofobia» izendatu dutena eta beste batzuek gatazka kultural moduan erakutsi nahi izan digutena ekarri nahiko nuke gaurkora. Azken eztabaidetako bat zapiaren erabilera izan da. Hainbat iritzi, uste eta aburu tartean, uste dut muina, betiko legez, alboratuta gelditu dela. Manifestazio kultural edo erlijiosoaren defentsan edo erasoan zentratu da, emakumeen «askapenarekin» nahastuta.

Baina gatazka «kultural» guztiak gatazka soziopolitiko sakonagoen isla baino ez dira. Horrela, «mundu okzidentala» eta islama kontrajartzen dituen gatazka daukagu aurrean, mundua aztoratzen ari dena eta azken sasoiko migrazio mugimenduek eremu geografikoetan nahastu dutena.

Mendebaldeko mundu honetan, edozein politikarik, edozein tertulianok, edozein epailek defendatuko luke sutsuki musulmanak eta islama toleratzen dituela. Eta hortxe dago amarrua. Bestea toleratzen dugu, baldin eta bere izaerak eta ohiturek geureekin talka egiten ez badute. Hau da, bestea toleratzen dugu geure antzekoa den heinean, bera izateari uzten badio. Kultua toleratzen da, baina talka bestearen izaeraren adierazpen zehatzetan hasten da.

Tolerantziak ez dauka zerikusirik onarpenarekin. Are gehiago, onarpenaren kontrakoa da. Islama eta etorkinak -musulmanak eta ez musulmanak- kanpoko zerbait diren heinean, ez dira onartzen. Arrotzak dira eta ez daukate estatus sozial berbera. Horregatik kokatu dira ahalegin politikoak debekuan eta ez eskubideetan, hala nola musulmanek hiyab-a ez eramateko eskubidea bermatzean (eta eraso adibideak izan ditugu geure artean). Horrek, berez, Mendebaldeko estatu batean islama zerbait propio izango bailitzan onartzen dela esan nahiko lukeelako. Praktikatzeko eskubidea onartzen da, baina eremu publikotik at, ekintza pertsonal bezala.

Ekintza pertsonaltzat jo genezake, baina ez al du ba katolizismoak eremu publikoaren zati handia hartzen, baita estatu «akonfesionaletan» ere? Komunikabide publikoetatik herriko jaietako mezetara, prozesioetatik diru publikoa jasotzen duten eskola katolikoetara.

Burka eta niqab jantziak baino ez daudela jomugan erakutsi nahi izan dute, baina eztabaida hori faltsua ez ezik, artifiziala ere bada. Zenbat niqab edo burka ikusten dira geure kaleetan? Politikoki zuzentzat hartu zedin, eztabaida murriztu nahi izan dute, aldez aurretik jakinda manifestazio zehatz batetik manifestazio guztietara eta, hortaz, izaerara egingo litzatekeela jauzi. Beste behin ere, gerra, tolerantziaz eta eskubideez mozorroturik.

Eta azken hipokrisia erakustaldia emakumeen eskubideen defentsarena, hain zuzen. Genero zapalkuntza erabiltzen da emakume horiek berriro ere zapaltzeko, andre horiek adingabekotzat jotzen diren heinean: ez dira gai euren erabaki propioak hartzeko, ez eta kontzientzia feministarik izateko ere. Geure ikuspegi «okzidental aurreratutik» «lagundu» behar diegu eta beraien ordez erabaki.

Beraz, afera ez da gatazka kultural edo erlijiosoa, gatazka sakonago baten isla baino, eta bitartekoa ez da «islamofobia» -islamari beldurra-edo-, beste kasu askotan aplikatzen den tolerantziaren hipokrisia baizik. Okerra litzateke eurek markatzen dituzten parametroen arabera aztertzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo