Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 617 dendak eskatu dituzte «Renove planeko» laguntzak
GARA. | GASTEIZ
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 617 dendak eskatu dituzte dagoeneko Lakuako Gobernuak pasa den ekainaren 9an martxan jarri zuen «Renove planak» eskaintzen dituen diru laguntzak. Planaren aurrekontu osoa 3.862.000 eurokoa da.
Orain arteko eskaerek 15,6 milioi euroko inbertsioa osatzen dutela adierazi du Lakuako Gobernuak, eta gehienak, %91,2, merkataritza lokalak berritzeko eskatu dituztela dendariek. Gainerako eskaerak, %8,8, informatika ekipamenduak eskuratzeko eginikoak izan dira.
Irailaren 30ean amaituko da diru laguntzak eskatzeko epea. Momentuz, Araban 57 eskaera egin dituzte, 268 Gipuzkoan eta 292 Bizkaian.
Altzariak berritzeko, obrak egiteko edo ekipamendu ezberdinak erosteko inbertsio osoaren %15ekoak izango dira diru laguntzak, eta itzuli beharrik gabekoak izango dira. Informatika ekipamenduen, aplikazioen nahiz osagaien erosketen kasuan berriz, %20koa izango da laguntza. Hori bai, urteko 12.000 eurokoak izan beharko dute gehienez.
Lakuak adierazi duenez, «Renove planaren» helburua denden eraberritzea bultzatzea da, horretarako, azpiegiturak eta kudeaketarako tresnak aldatuz.