GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xabier GutiErrez Zornotzako AHT Gelditu Elkarlaneko kidea

Leginetxe zutunik

Zornotzako Leginetxe auzoan AHT eraikitzeko baserri bat bota nahi dute, eta hori galarazteko okupatu egin genuen etxea. Ia lau hilabete daramatzagu bertan eta baserria zutik dago oraindik. Jendearen aldetik gorabeherak izan ditu erantzunak; hala ere, bizitzeko beste eredu bat defendatzen jarraitzen dugu Euskal Herritik eta kanpotik baserrira etorri zaizkigun lagunekin batera.

Bizitzeko beste modu bat aldarrikatzen dugu, motelago, Ama Lurrarekin bat eginez, basoak, errekak eta baserriak beti izan diren moduan errespetatuz. Horrexegatik segitzen dugu Leginetxen, erresistentzia-gune txiki eta apal honetan inposatu nahi diguten eromen txikitzaileari aurre egiten.

Baserritik bertatik ikusten dugu obrek dena apurtzen jarraitzen dutela. AHT ez dago krisian. Gure poltsikoetako milioika euro xahutzen dituzte jende asko langabezian eta hil amaierara heldu ezinik dagoen bitartean. AHTk dirua ez ezik, bizitzak ere alferrik galtzen ditu: ofizialki langile bi hil dira dagoeneko Arabako Lukun eta Duran. Gure herriari ongizatea eta oparotasuna ekarri behar omen zizkion obrak lurraren suntsiketa eta langileen heriotza besterik ez du ekarri.

Sardak eskuan hartu eta behin eta berriro altxatuko ditugu inposaketaren aurka, eta horregatik kanpaldia antolatu dugu baserrian irailaren 17, 18 eta 19an. Egun horietan hainbat ekitaldi izango dira etxean bertan eta herrian, eta pixka batean gelditu eta hausnartzeko ahalegina egiteko prest zaudeten guztiok gonbidatzen zaituztegu. Gelditu. Hausnartu. Konturatu badagoela Lurrarekin bat bizitzeko modua, eta ez guztia zementuz, tunelez, biaduktuz eta errepidez betetzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo