GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

NBEren errieta ez bide da Sarkozyren lehen kezka

NBEren Arraza-Bereizkeria Ezabatzeko Batzordeak kritika egin dio Estatu frantsesari ijitoen talde-kanporatzeak direla eta, ijitoekiko duen politika arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioaren araberakoa izan dadila gomendatuz. Ez zuen NBEk esan behar Estatu frantsesak Konbentzio horren urraketa egin duela, gauza jakina baitzen, baina esan egin du, Errepublikaren mitoak gainbehera doazen seinale. Gainera, beste gomendio bat egin dio NBEk: ijitoei hezkuntza, osasuna, etxebizitza eta aldi baterako beste azpiegitura batzuk bermatzea, berdintasunaren printzipioa errespetatuz, Errepublikari halakorik gogoratu beharrak gezurra dirudien arren. Izan ere, gogorarazi egin behar zaio, bai hori eta bai eskubide horiek bermatzeko, ijitoak kanporatzea ez bestelako jokabide bat dela beharrezkoa, arrazionalagoa eta benetako konponbide batera begirakoa.

NBEren noizbehinkako errieta txikiok -txiroen herrialdeen kasuan zigor bilakatzen direnak-, nolanahi ere, ez dira Estatu frantseseko presidenteari eta gisakoei loa galarazteko adinakoak. Horien benetako ardura ez dira giza eskubideak edo Europar Batasuna esaten dioten horren printzipioak -horiek ospakizun handietako diskurtso arranditsuetako hitz hutsak baino ez dira-, baizik eta interes politikoa, eta orain «giza eskubideen aberrian» eskuin muturraren esparruagatik lehiatzeko txanda da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo