sega Apustua
Alemaniarrak euskaldunak estu hartzeko prest daude
Mitxelena eta Goenaga Heinzen eta Schmiten aurka neurtuko dira Hernanin.
Jon LEUN DA
Stefan Heinz eta Alexandre Schmit Euskal Herrian dira, eta jadanik izan dute bai belardia, bai belarra ikusteko parada. Atzo bertan eman zuten prentsa agerraldia Hernanin, eta gustura agertu ziren.
Sei hilabete eman omen dituzte gaurko apustua prestatzen, eta euskaldunei beren erara aurre egiteko prest agertu ziren. Alemaniarrak lan motzean ibiltzen dira, nazioarteko eran, azkartasuna eta txukuntasuna uztartuz, baina gaur era tradizionalean aritu beharko dute.
17.30ean hasiko da desafioa Hernanin, Jauregiko belardietan, eta ordubeteko lana izango dute. Bixente Mitxelena eta Jexuxmari Goenaga izango dira euskaldunen ordezkariak. Segalari bakoitzak ordu erdia egin beharko du gelditu gabe lanean, eta horren amaieran hartuko du txanda besteak, beste ordu erdia jarraian egiteko.
Ordubete amaitu ostean, belar kilorik gehien ebakitzen duen bikoak eramango du garaipena, eta zain duten saria ez da txantxetakoa. Garaileek 6.000 euro jasoko dituzte dirutan, eta galtzaileek, berriz, 3.000.
Ikusmin handia piztu da, baita Euskal Herritik kanpo ere, eta antolatzaileek, Almitza elkarteak, Internet bidez zuzenean eskainiko du. Horretarako www.almitza.tv helbidea klikatuz, saioa zuzenean ikusi ahal izango da. Gaurko norgehiagoka Almitza elkartearen gidaritzapean izango da, eta bertako epaileek zuzenduko dute desafio hau. Faboritoak aipatzerakoan euskaldunak agertzen dira, etxean eta beren erara arituko direlako, baina Bixente Mitxelenak garbi utzi zuen garaipena erdiesteko lan asko egin beharko dutela.
Harri-jasotzea
Harri-jasotzaileek bi torneo izango dituzte asteburu honetan. Bata gaur izango da Elgoibarren, eta bestea, berriz, bihar Berrobin.
Elgoibarren gaur arituko dira 18.00etatik aurrera. Bertan, Irigoien, Izeta IV.a, Belioso, Goikoetxe, Bertiz eta Ariztegi neurtuko dira. 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabiliko dituzte, eta harri bakoitzarekin hiru minutu izango dituzte lanean aritzeko.
Berrobin, berriz, hirunako lehia izango da, 18.00etan hasita. Alde batetik Irigoien, Izeta IV.a eta Bertiz arituko dira, eta bestetik Izeta II.a, Izeta III.a eta Ostolatza. 125 kiloko harri errektangularra, 112,5 kiloko kubikoa, 100eko zilindro zaharra eta 100eko bola erabili beharko dituzte. Lehen hiru harrirekin bina minutuko txandak izango dituzte, eta hirukoa bolarekin.
Harri-zulatzen, berriz, Euskal Herriko Ligako jardunaldia jokatuko da gaur Bilbon, 12.00etatik aurrera. Bertan, Txorierri, Trapagaran, Burdin Gazteak, Kabiezes, Gallarta, Las Karreras, Errekatxo eta Kz Kolpeka neurtuko dira. Txorierri da sailkapeneko burua, eta gaur ere garaipena erdiesten baldin badu, Liga irabaztetik oso gertu egongo da talde bizkaitarra.