GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa

Finala jokatzeko sei txartel, eta maila galtzeko beste bat egongo dira jokoan

J.L.

Gaur Berrobira doazenek, harri-jasotzaileez gain, Euskal Herriko maila nagusiko kanporaketa ere ikusi ahal izango dute. Bertan hamaika aizkolarik neurtuko dituzten indarrak, 18.00etan hasita, eta batzuen eta besteen helburuak ezberdinak izango dira. Izan ere, finalean izatea izango da batzuen asmoa eta beste batzuena mailari eustea izango da.

Honako aizkolari hauek arituko dira bihar lanean: Nazabal, Lopez, Azurmendi, Senosiain I. Mujika, Otaegi, Txapartegi, Senosiain II.a, Olasagasti, Rekondo eta Atutxa.

Zubiaga ere aritzekoa zen, baina arabarrak uko egin dio lehiaketan parte hartzeari, eta horretarako ez du aurkeztu inongo sendagile txostenik, beraz maila galduko du. Hala ere, gaur azkena amaitzen duenak maila galduko du, bi jaisten baitira Bigarren Mailara. Estreinako sei sailkatuek, berriz, finala jokatzeko txartela lortuko dute. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu, finalean izango duten lanaren erdia, alegia. Finalean izan daitezkeen kirolarien izenak aipatzekotan, asko dira hautagaiak, baina une honetako sasoi puntua ikusita, Nazabal eta Lopez sailkatuko direla garbi ikusten dute denek. Nahiz eta txapeldunak gerriko arazoak izan dituen, denek garbi ikusten dute Etxarrikoa finalean izango dela.

Hortik aurrera, badirudi edonor sailkatu daitekeela, nahiz eta bakarren bat deskuidatzen baldin bada, maila ere gal dezakeen. Garbi dagoena da, emozioa handia izango dela azken unera arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo