GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa

Nazabalek garbi utzi du faborito nagusia zein den

Etxarrikoarekin batera, Azurmendik, Olasagastik, Lopezek, Otaegik eta Mujikak ere lortu zuten finalerako txartela. Rekondok, berriz, maila galdu zuen.

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek argi eta garbi utzi zuen atzo Berrobin Euskal Herriko maila nagusiko txapela janzteko faborito nagusia dela, kanporaketan ere onena izan baitzen. Nazabalekin batera, Azurmendi, Olasagasti, Lopez, Otaegi eta Mujika sailkatu ziren. Rekondok, berriz, maila galdu zuen, Zubiagak bezalaxe, baina azken honek lehiaketari uko egiteagatik galduko du.

Hamaika aizkolari lehiatu ziren hiru txandatan banatuta. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Finalean izango duten lanen erdia izan zuten.

Lehen txandan aritu ziren lehenengo postua lortu zuena zein azken tokian geratu zena. Nazabal nagusi izan zen, eta aise bereganatu zuen bere txanda. Bigarren posturako lehia polita izan zuten Txapartegik eta Mujikak, baina azken honek azkenean aurrea hartu zion, eta azkenean finalerako txanda lortu zuen. Txapartegik ez zuen lortu finalean sartzea, eta Rekondok maila galdu zuen.

Bigarren txandan, Senosiain anaiak, Lopez eta Atutxa lehiatu ziren. Lezaungoa zen faborito, eta ez zuen hutsik egin, nahiz eta une batzuetan Atutxak estutu zuen. Azkenean berak bakarrik lortu zuen finalerako txartela. Atutxak maila nagusiko estreinaldian gertu izan zuen azkeneko saiorako pasea, baina kanpoan geratu zen. Senosiain anaiek, berriz, mailari eustea lortu zuten. Dudarik gabe, txandarik lehiakorrena eta politena hirugarrena izan zen. Bertan, Azurmendik irabazi zuen Olasagastiren eta Otaegiren aurretik, baina hirurak sartu ziren finalean.

Saioa amaitutakoan Olasagastik apusturako deia egin zuen. Bera prest dago, Lopez, Nazabal eta Larretxea kenduta, beste edozeini 12 oinbikotara jokatzeko. Aipaturiko hirurekin ere neurtuko litzateke, baina haiek 13 erdibitu beharko lituzkete. Inork baiezkoa pentsatuko balu, berarekin harremanetan jartzeko eskatu zuen igeldoarrak, eta desafioa Gabonak inguruan jokatuko litzateke, bere esanetan.

Berrobin harri-jasotze torneoa ere jokatu zen hirunaka. Amaieran Izeta IV.ak, Irigoienek eta Bertizek osatutako hirukoak irabazi zuen. Guztira 14.000 kilo jaso zituzten. Bi minututan Izeta IV.ak 112,5ko kubikoari 16 jasoaldi eman zizkion, Irigoienek, 28, 125ko errektangularrari, eta Bertizek, 29, 100 kiloko zilindro zaharrari. Txanda librean, hiru minututan 58 jasoaldi eman zizkioten 100eko bolari. Beteranoen artean, Izeta II.ak 20 jasoaldi eman zizkion kubikoari; 25 Ostolatzak, errektangularrari; 28 Izeta III.ak, zilindro zaharrari; eta txanda librean 55 jasoaldi eman zizki0ten bolari. Denetara 13.675 kilo jaso zituzten. Telleria II.ak marka pertsonala egin zuen 127,2 kiloko Dordoka harri baldarrari bost minututan 8 jasoaldi emanda.

Elgoibar eta Bilbo

Elgoibarko Torneoa Irigoienek irabazi zuen, orain dela hamar urte Izetak jarritako marka hiru jasoalditan onduz. 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili zituzten. Bakoitzarekin hiru minutu izan zituzten, eta errezildarrak 97 jasoaldi eman zituen. Bertiz sailkatu zen bigarren, 87 jasoaldirekin.

Euskal Herriko Harri-zulatze Ligan, berriz, Txorierrik irabazi zuen Bilbon jokatu zen saioa, eta Liga amaitzeko jardunaldi bakar bat geratzen denean, garaipena ziurtatuta dute. Aurtengoan jaun eta jabe izan dira.

Lehia estua

Finalean sartzeko lehia estua izan zen, eta Atutxa eta Txapartegi ere azkeneko saiotik oso gertu geratu ziren. Lehenengoa aurreneko aldiz aritu zen maila nagusian, eta bigarrena bigarren urtez jarraian finaletik at geratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo