GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Aparretik jaisteko? Bolbone!

Surflari ernegatua

Nire etxean ohikoa da gustura bazkaltzen zaudela, postre gozoa irensteko momentu sakratua iritsi eta ama Bolbone amoniakoz sukaldea garbitzen hastea. Arroz-esne koilarakada gozoa ahoratzearekin batera sartzen da sudurzuloetatik barrena amoniakoaren kirats zorrotza. Begiak malkotan lausotuta bada ere, atzeman daiteke jaki ezin hobea behar zuena. Antzeko zerbait gertatzen da txapelketen aferarekin. Udako plater beroaren ostean, udazkeneko lasaitasuna dastatzeko momentua iristen den postrearen orduan: Bolbone!

Tira! Beste izenen bat izango du, San Miguel, Billabong, Quiksilver edo Volcom. Zer axola du begiak lausotuko dizkigun amoniakoaren izenak? Egun, marka handiek izena aldatzen dute bezero esparru handiagoetara iristeko. Horrela, eremu desberdinetako jendea erakar dezakete.

Skaterrak, esaterako, beti izan dira surflariak baino «makarragoak». Itxuraz arropa zaharrak soinean daramatzala, izerditan, atzera eta aurrera, eskuan garagardo lata batekin patinetean dabilen punkiak, esate baterako, ez luge Billabong markako arroparik erosiko, baina bai Element markakoa. Kontua da, biak gauza bera direla (Billabong), nahiz eta izen eta estilo desberdina izan.

Surf marka bateko arropa jantziko ez lukeen jendea erosle potentzial bihurtzea erraza da, kaskezurrarekin edo ez, hemen denak baikara kontsumitzaile neurrigabeko, eta hori da hain justu txapelketek gogorarazten didatena. Horregatik ez ditut gogoko, egungo gizarte mota honen isla direlako eta, gustatu ala ez, bere parte garela eta berau elikatzen dugula gogorarazten didatelako.

Datorrena datorrela irensteko jarrera pasibo hori nagusi da egungo gizartean eta surf munduan zer esanik ez. Herbert Marcusek dimentsio bakarreko gizakiaren prototipo idealaren argazki bat beharko balu, dudarik gabe, surflaria litzateke. Eredu bakarra saltzen da eta bakarra da baliozkoa. Eredu bakarreko diskurtsoa zabaltzen da eta, ondorioz, bakarra da errealitatea. Alegia, sortzen den bezalakoa da errealitatea, inongo hausnarketarik gabe irensten dugun gisakoa.

Eredu bakarraren profesionalei galdetzen zaie haien iritzia telebista eta irratsaioetan, eta soilik eredu bakarreko diskurtsoa ulertzeko hezi gaituzten entzuleok ez daukagu bestelako errealitate errealago bat irudikatzeko gaitasunik. Europa gainontzeko herrialdeen pareko dagoela eta Europako surflaririk onenak gurean direla esaten zaigu. Eredu bakarreko diskurtso horren arabera ere gezurra denean.

Gaur egun ikusten ditugun ariketak betidanik egin izan direnak direla iruditzen zaigu, bestelakorik ez dela eta asmatu beharrekoa aspaldi asmatua dela uste dugu, ez baikara beste ezer irudikatzeko gai, baina ez da horrela. Egun, ariketa berriak asmatzen dira, belaunaldi berriak lehen inoiz ikusi ez diren ariketak egiten ari dira eta jada ariketa horietako askok izena ere badute. Gurean ikusten ez diren ariketak dira, beraz, mundu mailako puntako surfa zein urrun geratzen zaigun erakusten digute. Gustatu ala ez, horrela da, izugarri atzeratuta gaude maila horretan. Ikuspegi bakarreko heziketa da imajinaziorako dugun gaitasun urria errotik zikiratu eta berritzaileak izateko aukera oro ezabatzen duena. Fisikoki eta gaitasun teknikoei dagokienez, talentu ikaragarriko kirolariak bai baitira gurean.

Txapelketa eredu desberdinak proposatu nahi dituena kontrako jarreran kokatzen du eredu bakarrak, eredu nagusiak. Hala ere, kritikoengatik ez balitz, aldaketarik gertatuko ez zela onartu beharrean gaude, gutxiengoen aldean izateak berritzaile izatera behartzen baitu bat.

Aurten atera berri duten «Judging criteria» txostenak aipatzen dituen bost irizpide nagusienen artean, berritzaile izatea da irizpide baloratuenetakoa. Horrek, surflariak irudimenez jokatzera behartu ditu eta ondorioz ariketa berriak asmatu dituzte, mota askotako aereoak, skate pistetan egiten diren ariketen antzekoak: Air-reverse, Alley-oop, Lien Grab, Nosepick, Slob Grab, Shuv-it, Kerrupt Flip, Rodeo Flip, Mute Grab, Passion Pop eta Superman dira ariketa berriei jarri dizkieten izenak. Guretzako ezezagunak dira, Air-reverse bat edo beste ikus daiteke gure kostaldean, baina gainontzekoak ia zer diren ere ez dakigu, mundu mailan puntako surflariek hitzetik hortzera darabiltzaten izenak izanik.

Ariketa bat lehenengoz egiten duenak asmatu behar du izena. Orain arteko ariketa guztien izenak ingelesezkoak dira, beraz, ariketa batek beste hizkuntzaren batean izena hartzen duen egunean soilik esan ahalko da AEBak (hawaiiarrak barne) edo australiarren parekorik badela.

Sentitzen dut, halakoxea da errealitatea. Gozatzen ari garenean, esandako guztia sinetsi eta irentsi dugunean, egoeraren araberako emaitza posible bakarra irabaztea dela uste dugunean, Bolbone!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo