GARA > Idatzia > Ekonomia

Nekazaritza-erregaiaren prezioak gora egitean garia garestitzen dela frogatu du Kataluniako CREDA taldeak

Ekonomiaren eta nekazaritzako elikagaien garapena aztertzen duen zentroak frogatu duenez, nekazaritza-erregaia garestitzeak garia garestitzen du. Hala, etanolaren industria handitzeak elikagaien prezioen inflazioan «kontrol eza» sor dezakeela baieztatu du.

p024_f01.jpg

GARA I

Kataluniako Ekonomia eta Nekazaritzako Elikagaien Garapenerako Ikerketa Zentroak (CREDA) egiaztatu du nekazaritzako erregaien prezioak gora egitean, gariaren prezioaren gorakada sortzen dela. (Nekazaritza-erregaiak bioerregaiak izenez ere ezagutzen dira). Hain justu, energiaren eta elikagaien merkatuetan ematen den prezio transmisioa zehaztea helburu duen ikerketan murgilduta dabil CREDA. Hiru urtez luzatuko da ikerketa, baina Teresa Serra koordinatzaileak Efe agentziari adierazi dionez, hainbat ondorio atera dituzte dagoeneko. Lehena, horixe, nekazaritza-erregaiak garestituta garia ere garestitzen dela.

Ekonometria-ereduak erabilita fundazio pribatu honetako zientzialarien helburua Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Brasilen eta Estatu espainolean petrolio gordinaren, nekazaritza-erregaien eta elikagaien prezioen arteko erlazioa kuantifikatzea da. Izan ere, CREDAko koordinatzailearen esanetan, gaur egun AEBak eta Brasil dira nekazaritza-erregaien ekoizle nagusiak, munduko etanol ekoizpenaren %90 horien esku baitago. Etanola gariarekin egiten den eta oktanaje maila altua duen alkohola da.

CREDAren ikerketek, jada, azken hamarkadetan gariaren, etanolaren, petrolio gordinaren nahiz gasolinaren prezio aldakuntzek eredu berdinari jarraitu diotela erakutsi dute. Era berean, energia prezioen igoerak gariaren prezio igoera sortzen duela nabarmendu du ikerketaren lehen zatiak. Ondorio horrek aditzera ematen du etanolaren industria handitzeak elikagaien prezioen inflazioan «kontrol eza» sor dezakeela. «Etanolaren prezio igoerak zuzenean eragiten du artoaren prezio igoeran, orain arte frogatu gabe zegoena. Honek esan nahi du lehen belaunaldiko nekazaritza-erregaiek zuzenean eragiten dutela nekazaritzako lehengaien industrian», azaldu du Serrak.

Horregatik guztiagatik, ikertzaileek uste dute hobe izango litzatekeela bigarren belaunaldiko nekazaritza-erregaien aldeko apustua egitea, besteak beste, algak, basoko eta nekazaritza jarduerako hondakinak edo beste edozein motako hondakinak erabiliz. Hau da, azken batean, elikagaien ekoizpenean lehia txikiagoa sortuko luketen erregaiak eta erregai fosilen aldean alternatiba ekonomikoa izango direnak erabiltzea.

Bestalde, etanolaren prezioaren igoerak gasolina ere garestitu lezakeela antzeman dute ikertzaileek. Serraren esanetan, normala da hori Ameriketako Estatu Batuetako autoek etanola gasolinarekin nahastuta erabiltzen baitute, eta beraz, beren prezio aldakuntzak guztiz erlazionatuta daude.

Bestalde, nekazaritza-erregaiei buruzko beste hausnarketa bat plazaratu berri du Britainia Handiko Friends of the Earth (Lurraren lagunak) talde ekologistak. Ohartarazi duenez, Europako enpresak Afrikako lurrak inolako «kontrolik gabe» eskuratzen ari dira nekazaritza-erregaiak ekoizteko. Afrikako hamaika herrialde oinarri hartuta taldeak burutu duen ikerketa baten arabera kontinenteko bost milioi hektarea lurrez -Danimarkaren azaleraren adina- jabetzen ari dira atzerriko hainbat enpresa.

Afrikako lurren okupazioa

Friends of the Earth taldeak azaldutakoaren arabera, enpresa gehienak europarrak dira eta gero eta lur eremu gehiago eskuratzen ari dira. Era berean, Madagaskarren, Tanzanian nahiz Ghanan esaterako herritarrak jarduera hauen aurkako protestak egiten hasi direla baieztatu du. Taldeak salatu duenez, «soilik Europak bere ibilgailuak elika ditzan Afrikako herritarrek gose handiagoari eta janari arazo gehiagori aurre egin behar diete». Egoera horren aurrean, Europar Batasunari (EB) bere energia politika alda dezan exijitu diote. Izan ere, EBk 2020. urterako garraiorako erregaien %10 iturri berriztagarrietatik etorritakoak izan daitezen helburua ezarri du. Helburu horri eutsiz gero Afrikako are eta lur gehiago beharko direla baieztatu dute. Horregatik, nekazaritza erregaien inguruan duen politika berraztertu dezan eskatu diote EBri. Azken batean, «Europak ingurumena errespetatuko duen nekazaritzan inbertitu behar du eta garraiorako erabiltzen dugun energia murriztu», nabarmendu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo