GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kristorenak, alferrik!

Etsipenean erortzeko nago, bizitzan egindako hainbat gauza alferrikakoak izan direlakoan. Hara, zenbat bider ez ote dudan amorru eta madarikaziozko egoera batean kristorenak eta bi esan pertsona baten edo beste baten gainean! Esaterako, manifestazioak zailtzen ibiltzen diren zaindari horiez, edo isats-pianoaren estalkiak hankartekoa harrapatu didanean. Ee? Orduantxe bai kristorenak eta bi! Bi baino gehiago ere sarri! Egia esan, bigarren arazo honi soluzio-bidea eman nion aspaldian, horretarako Etxe Zuriko aurreko maizterrak Kaliforniako baso-suteek inguruko urbanizazioak kiskali ez zitzaten hartutako neurriari erreparatuta: hankartekoa soildu egin nuen, hain maite dudan isats-pianoa! Lehenengo arazo harentzat, ostera, ez dut errezetarik. Tira, harira! Hainbeste bider kristorenak eta bi hor-hanka botatzen ibili eta hona hemen aditu hartzen duten izen handiko zientzialari batek non dioen Lurraren kreazioa ulertzeko ez dela Kristoren beharrik; hau da, haren zazpi egunetako ustezko sorkuntz lan harena hutsaren hurrengoa izan zela edo, bestera esanda, Kristo izatekotan ere kolperik ez zuela eman aste ospetsu osoan zehar. Usteak horrela, zenbat kristoren, eta bi gainera, bota ditudan alferrik manifestari eta musikari bezala! Jaungoikoak barka nazala! Hortaz, Jaungoikoak jakitean Kristo ez zela izan, pentsatu ere ez dut egin gura zer izan daitekeen handik goitik, NaBaikoak horren argibide eman dezakeen arren. Ama, ama! Hamaika entzuteko gara! Tira, fisikak argitu omen dezake erlijioak, eta politikak, ezkutatzen duena. Horra, orain gutxi jelkideek ez zuten alderdi abertzale birekin batera jesarri nahi; fisikak argitzen du iluna: Sabin Hut hartako mahaia oso txikia da, eta aulki gutxikoa. Eta kitto, ez da beste azalpenik behar; beraz, zertarako kristorenak eta bi bota? Hona helduta, ez nau harritzen jesulagun batzuek fraidetza utzi izanak, halako konpainiak ez baitira lagungarri, are gutxiago Kristorik ez dagoenean. A zer kristo antolatu den Elizan! Arantzazukoa etorri zait burura. Oraintxe jakin dut estazio meteorologiko txikiaren atzean den eraikin handi hori santutegia dela! Mila demonio! Portzierto, aurtengo udan zer edo zer diferente igarri baduzu, meteorologikoan esan nahi dut, bai, asmatu duzu! Baietz, demontre!, bestelakoa izan da, Ajuria Huten izan den kanbioaren beste ondorio bat. Kawen... nor orain?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo