GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Xabier Gantzarain (2010/9/1) BERRIA

Euzkadi

Ez zuhaitz itzal bat, ez zuhaitz hazi bat, ez deusen zain bat aurkitu gabe hainbeste ordu ibili ondoren, zakurren zaunkak entzuten dira. Bero egiten du, oso bero, eta izerditan doa, lokiak blai, begiak txirtiriki, Juan Rulfo biajantea. 1948ko hondarretan dira Mexikon, eta munduan. Bulegotik kendu dute, orain batetik bestera dabil. Hasia da ipuinak argitaratzen aldizkarietan, inork gutxik daki argazkiak egiteko baliatzen dituela bidaiak. Ez du atsegin jarri dioten lan berria, ez zuen urrundu nahi familiaren ondotik. Euzkadirentzat ari da lanean, pneumatikoak saltzen ditu.

Pneumatikoak saltzen ditu, Euzkadi marka bat da. Euskadi marka bat da, ez daukana saltzen du: paraje ederrak, mendiak berde itsasoa urdin, jende adeitsu eta jatorra, janari goxo-goxoa, artea eta kultura nonahi, zoriona esku-eskura. Ondo dago publizitate orrietarako. Pays Basque marka bat da, izan zena saltzen du: Orson Wellesen euskaldun txapeldunak, benetako gasna, tradizioaren xarma, iraganerako bidaia etxetik bertan. Navarra marka bat da, odola saltzen du: zezenak, ardoa, zezenak, ardoa, zezenak, ardoa.

Euskal Herria marka bat da: zer daukan saltzeko, ikusteko dago. Horixe dago jokoan hurrengo borrokaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo