GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Garikoitz Lekuona Jaizkibel konpainiako kidea

Alardea berritu

Udal politika egoki batek «hau edo hura» «hau eta hura» bihurtu beharko luke gutxienez, eta lagun/etsai dikotomia aspergarria elkarrizketa eta integrazioarekin ordezkatu

Gaur egungo gizartean, edozein politikok bere egin nahi izaten du berrikuntzaren bandera eta lau haizetara astindu; baina, errealitatea besterik da eta eguneroko politikaren bereizgarri nagusia guztiz bestelakoa da: metatutako edo aurretik jasotako boterearen kudeaketari denbora asko eskaintzen zaio eta oso gutxi gizarteari benetan axola zaizkion arazoak berrikuntza bitartez konpontzeari.

«Berritzaile izatea da arazoak aurkitu, izendatu eta haiei aurre egiteko gaitasuna; kontserbadore izatea, berriz, segurtasun eztabaidaezina da, zailtasunak ezkutatu eta norbere zalantzak disimulatzen dituena» (Daniel Innerarity, «La transformación de la política», 2002, 14-15).

Filosofiako doktore handi honen definiziotik abiatuta, ondorioztatu dezakegu bai Aitor Kerejeta (Hondarribiko alkatea), bai Jose Antonio Santano (Irungo alkatea) bi alkate kontserbadore direla, tradizionalistak, diskriminazioaren auziari iskin egitea erabakitzen dutenak oraingo parametroetan alardeak egiteak bizikidetzan sortzen duen arazoaren aurrean, zertarako eta auzo lotsak ahalik eta gutxien bustitzeko eta bere irabazkinak kudeatzen jarraitzeko inolako berrikuntzarik egin gabe.

Berritzaile izango lirateke, baldin eta galdetuko balute ea zergatik dauden, hamar urte baino gehiagoz geroztik, Alardean egoera berean parte hartu nahi duten gizon eta emakumeak, eta arazoari aurre egingo baliote alardeak errealitate berrira egokitzeko.

Alkate berritzaile izango lirateke, baldin eta arazoa konpontzeko lan egin eta lidergoa hartu izan balute, alardeen historia bere osotasunean hartu eta jokoan zeuden elementuak ahal zen neurrian bateragarri eginez.

Baina horretarako, ikuspegi orokor bat behar da edo, gutxienik, irudimena, eta erakutsi duten ikuspegi bakarra elektorala da, urte batean bai eta beste batean ere bai, behin eta berriro errepikatzen dena, agintaldiaren bukaeran kalkulu elektoralak ez diezaien huts egin.

Arazoa konpontzen ez saiatzeak edo errudunak seinalatuz soilik konpondu nahi izateak (hau da, berdintasunezko alardearen aldeko gizon-emakumeak seinalatuz) itsukeriaz gain, ordezkatzen dituzten postuei zeinen gutxi eskaintzen dioten erakusten du.

Udal politika egoki batek «hau edo hura» «hau eta hura» bihurtu beharko luke gutxienez, eta lagun/etsai dikotomia aspergarria elkarrizketa eta integrazioarekin ordezkatu.

Udal politika egoki bat, herritarrok eskatu behar duguna, udal lidergoan oinarritutako udal politika da, ez gatazka konpontzeko, baizik eta bitartekari izateko elkar ulertzeko eta adostasuna lortzeko prozesu batean.

Honelaxe dio Gipuzkoako Foro Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzetako Departamentuaren azken kanpainak: «Jaiak berdintasunezkoak dira, instituzioek berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzen badute». Kanpaina hori Gipuzkoako udalerri guztietan egin da, Hondarribia eta Irunen izan ezik, bi alkateek uko egin baitiote Aldundiak bidalitako triptikoak herritarren artean banatzeari.

Zer izen merezi du jokabide horrek?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo