GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Ohorezko Maila

Mailari eustea izango da euskal taldeen helburua

Ampo Ordiziak eta Bizkaia Gernikak Altamira estadioan jokatuko duten derbiarekin hasiko da Liga. Pegamo Bera Berak La Vila hartuko du Donostian.

p044_f02.jpg

Jon LEUNDA I

Iaz bezalaxe, aurten ere hiru euskal talde ditugu Ohorezko Mailan. Gernika Bizkaia, Ampo Ordizia eta Pegamo Bera Bera arituko dira maila nagusian. Donostiarrek iaz ezin izan zioten mailari eutsi, baina azken orduan Madrid taldeak ezin izan die diru arazoei aurre egin, eta Bera Berak zelaian galdu zuena bulegoetan berreskuratu du, eta onenekin lehiatzen jarraitzeko moduan izango da.

Hiru taldeen helburua mailari eustea izango da, eta horretarako osatu dituzte taldeak. Agian adituek ongien ikusten duten taldea Bizkaia Gernika da. Jokalari ugari fitxatu ditu aurten, eta bajak ez dituzte asko izan. Taldeko presidenteak garbi utzi du aurtengo helburuak mailari eustea izan behar duela, baina hurrengo urtean Liga ere ez dutela baztertuko. Iaz denboraldi bikaina egin zuten, eta taldea aurten lehen postuetan ikusteak ez luke ezustea izan behar.

Ampo Ordiziak iaz gaizki pasatu zuen, batez ere etxetik kanpo lortutako emaitzen erruz. Altamirako emaitzak bikainak izan ziren, baina kanpora joandakoan dena aldatzen zen. Aurtengo helburua hori aldatzea da, eta mailari larritasunik gabe eustea da helburu nagusia, nahiz eta ezer baztertu ez. Kopan ere azkeneko urte hauetan ez dute zorte handirik izan, eta hari begira ere badaude. Talde ona egin dute, baina hori zelaian erakutsi behar dute.

Tudela, Martin, Toby Freeman eta Jamie Fish dira fitxatze garrantzitsuenetakoak. Axio Arañak jarraituko du taldea gidatzen, eta zaleek orain arte emandako babesa ezinbestekoa izango dutela nabarmendu zuten aurkezpeneko egunean.

Ampo Bera Bera ere taldea indartzen ari da. Iaz lehen zati oso txarra egin zuen, eta horren erruz galdu zuten maila, nahiz eta orain Madrileko taldearen diru arazoak medio berreskuratu ahal izan duten. Baldintza horietan, garbi dute denboraldi amaieran azkeneko bi postuetatik kanpo baldin badira, helburua beteta izango dutela, Ohorezko Mailan jarraitzen dutela esan nahiko bailuke.

Derbia

Liga gaur abiatuko da, eta zozketak horrela nahi izan zuenez, derbi batekin hasiko da lehiaketa, izan ere, gaur 12.00etatik aurrera Altamiran Ampo Ordizia eta Bizkaia Gernika neurtuko baitira. Aurten jadanik lagunarteko partida jokatu dute elkarren artean, eta bizkaitarrek irabazi zuten hura, nahiz eta honek harekin zerikusi gutxi izango duen. Pegamo Bera Berak, berriz, 12.30ean jokatuko du gaur La Vilaren aurka. Garaipen batekin abiatzea garrantzitsua izango litzateke, baina mailako talderik indartsuenetakoa dute aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo