GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nazioarteko doinu eta dantzak Elorrioko Ferixa Nausikoetan

Jaiak jada abiatu direnez, geldiezinak dira, eta datozen bederatzi egunotan makina bat ekitaldi ekarriko dituzte. Gaur bertan, munduko hainbat kulturetako dantzek eta doinuek alaituko dute herria. Bihar Koadrilen Eguna izango da, eta asteartean Elorrioko futbol taldeak Bilbao Athleticen aurka jokatuko du. Festetan ondo pasatzeko aukera ugari, beraz.

p021_f02_250x124.jpg

Nagore BELASTEGI |

Ferixa Nausikoak aurrera doaz pixkanaka, baina oraindik astebete baino gehiago dute elorriarrek jaiez gozatzeko. Atzo txupinazoarekin batera herriak pozez eztanda egin zuen, eta gaur ere ondo pasatzeko arrazoi ugari izango dituzte.

Kulturaniztasuna da gaurko prestatu duten egitarauaren bereizgarrietako bat. Hasteko, goizean, 10.00etan, XXVII. abere eta nekazaritza azoka hasiko da feriagunean. Antolakuntzakoek baserritarrez jantzita agertzeko deia egin diete herritarrei, giroa politagoa egiteko. Goiz osoan txistulariak kalejiran ibiliko dira kalerik kale.

17.30ean eskupilota partidak hasiko dira Azkarate frontoian, Berrio-Otxoa pilota eskolak antolatuta. 18.30ean munduko dantzak eta musikak ibiliko dira kalejiran, plazatik hasita. Gaurkoan Sbanderatori talde italiarra arituko da kaleak alaitzen.

19.30ean Aldatsekuan bilbainadak eta habanerak abestuko dituzte, eta 20.00etan, giroaren nazioarteko kutsua handitzeko, Ronda Mariachi taldea kalez kale ibiliko da rantxerak eta bestelako doinu alaiak kantoi guztietara zabaltzen. 22.30ean zezensuzkoa izango da herriko plazan eta jarraian, 23.00etan, Mariatxi Gaua hasiko da bertan, baita elizpean ere.

Futbol partida solidarioa

Bihar Koadrilen Eguna ospatuko dute Elorrion, eta horregatik lagunartean gozatzeko ekitaldiak antolatu ditzute. 14.00etan koadrilen arteko bazkaria egingo dute Aldatsekuan. Gazte guztiek bazkaltzen amaitzen dutenean, 16.30ean, DJak eta karaoke lehiaketa izango dira Aldatsekuan bertan.

Nahiz eta ekitaldi gehienak gazteei begirakoak izan, haurrek ere ondo pasatu ahal izango dute beraientzat prestatutako Deabru Beltzak taldearen ikuskizunarekin. 17.30ean izango da Urarka kalean.

18.00etan koadrilen jaitsiera egingo dute The McKensys's Clan musika bandaren doinuez alaiturik. 19.00etan, denak plazara iristen direnean, koadrilen arteko jokoak izango dira. Jarraian, 20.00etatik 23.00etara, jaialdia hasiko da txosnagunean. Hori amaitu baino zertxobait lehenago, 22.45etan, zezensuzkoa ibiliko da herriko plazan. Pixka bat geroxeago hasiko da Diskofesta, 23.30ean, eta plazan bertan egingo dute.

Hurrengo egunak ere ekitaldiz beteta egongo dira. Adibidez, astearte arratsaldean Elorrioko futbol taldeak lagunarteko partida jokatuko du Bilbao Athleticen aurka. Hortik lortutako dirua Kolonbian premia bereziak dituzten haurrei laguntzeko erabiliko dute.

Bestalde, asteazkenean Umeen Eguna izango da eta tailerrak, jinkana, txokolate jana eta Txan Magoaren ikuskizuna izango dira arratsaldean, gustu guztientzako egitaraua osatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo