GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Kontxako Banderaren lehen jardunaldia

Zein istorio errepikatuko da gaur?

Kaiku faborito da, eta iaz bezala, irabazteko prest dago. Ligak eta sailkapen estropadak, ordea, Urdaibai eta San Juan indarberritu dituzte.

p043_f01_098x108.jpg

Ander GARTZIA I

Iritsi da zirt edo zart egiteko momentua, denboraldiaren une gorenean gai direla edo ez direla erakusteko sasoia. Kaikuk, Astillerok, Pasai Donibanek eta Donostiarrak emango diote hasiera eguerdiko hamabietatik aurrera Kontxako Banderaren lehen jardunaldiari, eta Urdaibai, Orio, Hondarribia eta Pedreñak, bigarren txandan, izango dute aurreneko guda honi amaiera emateko ohorea. Arraunaren olinpiada martxan da.

Eta beraz, sailkapen estropada iragana da jada, eta orain arteko estropadetan lortutako balentriak zaleen memorian edota zenbait arraun elkarteren bitrinetan giltzapetuko dira. Baina apustuetan, ordea, horrek guztiak balio du, urreak adina gainera. Donostiako portuan pil-pil irakingo duen segundoen eta euroen arteko saltsa horretara hurbilduko direnek badakite hori. Kaiku faborito da, bai, baina gainerakoen lanak ikusita, sestaoarrak zantzuan daude.

Egia da Kontxarako sailkatze estropada, izenak berak dioen bezala, hautagaien eta kanporatuen arteko galbahea besterik ez dela, Castrok eta San Pedrok era gordinean egiaztatu zuten bezala, baina ez da egia txikiagoa ondoko hau: Pasai Donibanek, behinik behin, Korta, Francisco, Aizperro eta konpainiaren barrenak dantzan jarri ditu. Poparean «Erreka» ontziak eman zuen erakustaldia ez da oharkabe igaro, eguneko izarrik distiratsuena bilakatu zen, eta «zergatik beste behin ez» leloaren oihartzuna lau haizetara zabaldu dute arrosek. Gaurkoan olatu handirik ez da espero, baina bueltako luzean bidaia lagun izango dituzten baga txikiek asko baldintzatu dezakete estropada. Adi beraz.

Hamar segundo, bai ala ez?

Jose Luis Kortaren buruhausterik handiena, ordea, bigarren txandan arituko den Urdaibai da. Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan lehiatu zen bermeotarren talde ahul hartatik izena bakarrik geratu da. Jose Manuel Franciscorenek egundoko aurrerapena egin dute asteak joan ahala, San Miguel ligako lider irmo izatera iritsi arte, eta ikusteko dago txapelketetako Kaikuren mailaren parean ote dauden. Entrenatzaile galiziarrak hamar segundo hobetu behar zituztela iragarri zuen orain bi aste justu, Urdaibaik ikaragarrizko bi garaipen erdietsi zituenean asteburu berean, eta bolada horri nolako jarraipena eman dion ikusita ez dira oso urruti izango.

Bermeotarrek aurkari latzaren konpainia izango dute, ordea, bigarren txandan: Orio, alegia. Gipuzkoarrak maiteminduta dira Donostiako trapu preziatuarekin, ez dira alferrik izan beraiek 31 aldiz astindu dutenak, eta oraindik eskuratu gabe duten San Miguel Ligaren titulurako borroka betean diren arren, Aizperro prestatzaileak garbi du xede nagusia zein duten. «Mirotza» ontziaren brankak norabide garbia du, eta ostegunekoa ikusirik, abiadura handian doa gaur-gaurkoz.

Ezin ahaztu, ordea, Hondarribiaz. Orbañanosenek sari potoloa dute eskuetan jadanik, batik bat liga txapelketa pattala osatu ostean, baina 2006an ezustean lortutako balentria eder hura errepikatzeko irrikatzen izango dira. Azken batean, Donostiako badia hamaika sorpresaren testigu izan da. Astillero, Pedreña eta Donostiarrak horri eutsiko diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo