GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA I Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

Askatu korapiloak

Txirrindularitzan, masajeak garrantzi handia dauka, eta ondorioz, masajistak mundu honetako elementu garrantzitsuenetako bilakatzen dira. Berez, masajea etaparen lehian uzkurtutako giharrak askatu eta erlaxatzeko erabiltzen da. Baina txirrindularitzan ez da gihar korapilatuak askatzera mugatzen, eta masajearen tartea emozioak trukatzeko ordua izaten da, psikologia jokoan sartzen da, masajistak psikologo lanak ere egin behar izaten ditu: txirrindularion ardura, poz eta penak entzun eta aholkuak emanaz. Horrez guztiaz gain, arropa garbitu, etaparako eta ondoko janari eta edariak prestatu, autobusa gidatu... edozein beharrizan daukagula ere gure esanetara egon ohi dira. Azkenerako, txirrindulariari uneoro euskarri sendoa eskaini eta konfiantza ematen dion laguna da.

Laguna idatzi dut eta hizki larriz gainera. Hainbat bizipen, emozio eta egoera ezberdin elkarbanatzen ditugu lagun hauekin, eta dugun harremana lagun soilak baino gehiago izatera eramaten gaitu. Harreman oso berezia eta estua da txirrindulari eta masajistaren artekoa. Ezin dugu bata bestea gabe bizi.

Nik neuk ez dut izan aukerarik Txema Gonzalezekin talde berean aritzeko. Talde honetara etorri aurreko urtea izan baitzen bere azken urtea bertan. Hala ere, talde ezberdinetan izan arren, harreman ona izan dut beti. Tipo langile, jator eta alaia inondik ere. Zoritxarrez, zazpigarren etapa bukatu eta autobusera dutxatzera iritsi ginenean jaso genuen albiste krudela. Txemak utzi gaitu eta haren hutsunea nabarmena da jadanik Espainiako itzuli honetan eta nazioarteko tropelean. Egun hauetako masajeak giharretako korapiloak askatzeko balioko digu, baina Txemaren hutsuneak bihotzean eragin digun korapiloa askatzeko ez da nahikoa.

Villenako irteeran giroa nahasia zen, aurpegi tristeak eta malkoz betetako begiak nagusitzen ziren. Une gogorra eta hunkigarria. Txirrindulari, zuzendari, masajista, mekaniko eta zirku honetako langile denak bat eginda estreinakoz bada ere. Lehen kilometroak ez dira errazak izan baina behin lasterketan sartuta, zerbait polita eskaintzen saiatu gara eta etapa garaipena ezin izan badugu ere lortu, sailkapeneko liderraren mailota lortu dugu eta dudarik gabe beretzako da. Beti gogoan izango zaitugu “Txemoto”!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo