GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Emazte abertzalea

Borrokak partekatu ditugu, eta gazteak ginenen artean, herrian miresten genuen. Ez genuen deus erraten, baina guretzat «norbait» zen Jakeline

Utzi gaitu. Jakelinek bidea ideki digu, garai beltzenetan Ipar Euskal Herrian abertzaleek jasaten zuten egoera gogorrenean.

Herrietatik sortzen ari zen abertzaletasuna, abertzaletasuna zer zen, geroari buruz zer nahi genuen pentsatzen ari ginelarik, lehen urratsak pausatzen genituelarik, errepresioa erori zen fite. Egoera hori gainditzea ez zen gauza erraza izan, baina elkartasunak oihartzun handia izan zuen. Horrek goxotasuna ekarri zigun eta ezagutzen ez genituenen artean, gure herrian berean, hor zegoen Jakeline. Ondoren Ttotteren ama gisa ezagutu dugu eta urtetik urtera borroka guztietan ikusi dugu, borrokak partekatu ditugu eta gazteak ginenen artean, herrian miresten genuen. Ez genuen deus erraten, baina guretzat «norbait» zen Jakeline.

Urteetan zehar sekulakoak bizitzea suertatu zaio, eraso bortitzenak etxeraino sufritu zituen. Jaunttoen erasoa. Abertzalea zelako, semea sasian zelako, jaunttoek mutilak igortzen zizkioten etxera jotzeko, elbarritua zuen senarraren aitzinean jotzen zuten edo gauaz etortzen ziren eta jotzen zuten. Eraso horiek herriko mutil bati tiro bat bota ondoren gelditu ziren. Erasotzaileak ezagunak baitziren, tokiko jaunttoen babesa zuten. Jaunttoek horrela ikusten baitzuten hemengo egoera, ados ez zenarekin errukirik ez, lehertzera! Urte hauek horri aurre egiten erakutsi digute, erantzuten erakutsi digute, elkarri lotzen eta borrokatzen, gogo eta bihotzarekin. Bihotza baitzen Jakelinen motorra, bere haurrak defenditzen nekaezina, Ttotterekin auzitegiz auzitegi, presondegiz presondegi, etxera ekarri arte. Beñatek eraman zuen eritasunari aurre eginez.

Hor egon dira garai bateko militanteak, Jakelinen ekarpena ezagutu duten asko eta errepresio garai beltz horiek bizi izan dituztenak. Hor daude lanean jarraitzeko prest oraindik eta gazteak hartzen ari diren bideari begira, pozik eta bultzatu nahian. Urte latz horiek aztarnak utzi dituzte, baina indar handia ere bai, gazteen artean hedatu dena eta jarraitzen duena.

Alzheimerrek eraman du, bizitza aurrera baitoa, urteak joan ahala norberaren mugak ekartzen baititu. Eritasun larriak hunkitu du, gure inguruan gehiegitan hunkitzen dituen moduan.

Borroka hau aitzina doa, luzea da, gure aurreko belaunaldiek lan handia eraman dute herri honi geroa eskaintzeko. Borroka honek jende zoragarriaren ezagutzeko aukera eskaintzen digu, gure herrietan berean, herriek egiten baitute herri honen bizitasuna.

Jakeline joan zaigu, baina irriz ariko da dagoen tokitik, herrian oraindik gauza harrigarriak gertatzen direla ikustean. Jaunttoak hor daude, gure mundua suntsitu nahian eta batzuetan erridikulua, karikatura hunkitzeraino heldu dira. Izan ere, herriko adin gutxiko sei gaztek txabola eraiki zuten auzapezaren lurretan eta «gaztetxola» izena jarri zioten. Txabolan, gazte horietako batek «eta» idatzia zuen. Horren berri izan ondoren, gazteekin mintzatzeko ordez, auzapezak ikaratuta Pariseko terrorismoko prokuradorea deitu zuen. Sei gazteek komisarian bukatu eta arratsaldea pasatu dute haien galderei erantzuten.

Pausa zaitez Jakeline, zurekin ikasi dugu burua altxatzen, gurea defenditzeko indar gehiago daukagu. Agur eta ohore.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo