«Euskal identitatea gehienetan kanpoko adituek ikertutako objektu pasiboa izan da»
Gezurra dirudien arren, «Euskal Nazionalismoa XXI. mendean» masterra UPV-EHUn nazionalismoari buruz egingo den lehendabiziko goi mailako ekimen akademikoa izango da. Masterra osatzerakoan konturatu dira ez dela izan ez ikasleen interes faltagatik, ez alor hau jorratzeko nahiko aditu eta irakaslerik ez izateagatik. Egiten ari diren eskaintzarekin pozik daude, matrikulatzeko epea irekitzeko zain.
Iñaki SOTO |
Irakasleak ez ezik, Mario Zubiaga eta Julen Zabalo UPV-EHUn egingo den «Euskal nazionalismoa XXI. mendean» masterraren bultzatzaileak ere badira. Halako ekimen bat aurrera ateratzearen esfortzua bikoitza da. Alde batetik, irakasleen eta unibertsitateko sailen arteko elkarlana bultzatu behar da, eta beste alde batetik, burokrazia gogor bat gainditu behar da. Nolanahi ere, esfortzu hori merezi duela uste dute eta pozik azaldu dira ireki duten aukeragatik.
Hasteko, zer dela eta nazionalismoari buruzko master bat?
[Julen Zabalo] Harrigarria bada ere, nazionalismoak horrenbesteko indarra eta eragina dituen herri honetan oso baztertuta daude nazionalismoari buruzko azterketak. Badaude ikerketak, eta oso aipagarriak, baina azken urteotan beherakada handia egon da arlo honetan, eta ikertzaile gazteek ez dute gehiegi lantzen gai hau. Horretan, zer esanik ez, Euskal Herriko unibertsitateen jarrerak eragin du. Gogoratzen naiz Ingalaterrako ikertzaile gazte batek esan zidala orain urte batzuk Euskal Herrira etorri zela bertako nazionalismoa aztertzera, eta zur eta lur geratu zela ez zuelako inon ikusi gaia bete-betean aztertzen zuen ikasgairik. «Ez da posible -esaten zidan-, zelan liteke Euskal Herrian nazionalismoari buruzko irakasgairik ez egotea?».
Masterra hutsune hori betetzera dator, hortaz?
[Mario Zubiaga] Zentzu horretan, masterra urrats bat da, zalantzarik gabe. Mundu mailan ikerketa talde eta publikazio oso indartsuak daude alor honetan eta paradoxikoa da halako eskaintza bat ez egotea Euskal Herrian. Munduan, nazionalismoa orokorrean, eta zehatzago, euskal nazionalismoa aztertzen dute, baina euskaldunok ez dugu horretan zeresan handirik. Bizi dugun egoera politiko, sozial eta kulturalagatik, nazionalismoari buruzko interes handia dago hemen, baina, salbuespenak salbuespen, maila akademikoan horrek ez du islarik izan orain arte. Woody Allenen film batean pertsonaia nagusia «identitate kataluniarrari» buruzko masterra egiten ari da. Kataluniak, bere baitatik sortua, ahots propioa du mundu globalean; euskal identitatea, berriz, gehienetan kanpoko adituek ikertutako objektu pasiboa izan da. Bertako ikertzaileak behar ditugu, bertakoaz eta kanpokoaz aritzeko. Globalizazioaren aroan, berriro ere, zomorro bitxi eta mutuaren patuan ez erortzeko. Masterra urrats garrantzitsua izan daiteke horretarako, eta ibilbide oparo baten hasiera izatea nahiko genuke.
Esan duzuen bezala, Euskal Herria eta nazionalismoa eskutik doazen terminoak dira. Zein da, orduan, zuen ustez, orain arte halako ekimenik ez izateko arrazoia?
[Zubiaga] Unibertsitatearen inertziak ez du horretan asko laguntzen. Fakultateen eta Sailen arteko banaketa hain denez handia, elkarlanerako aukerak asko konplikatzen dira. Masterra osatzeko, ahalegin berezia egin dugu alor horretan. Ahalik eta ikuspuntu gehien biltzen saiatu gara, esparru desberdinetatik nazionalismoa aztertu duten irakasleak eta ikertzaileak bilduz.
Diziplinartekotasuna da, hartara, masterraren balioetako bat?
[Zabalo] Uste dugu horixe izango dela bere balio nabarmenetako bat. Izan ere, nazionalismoa ikuspuntu oso desberdinetatik aztertuko dugu. Egin kontu, diziplina hauek guztiak landuko ditugu: soziologia, zientzia politikoa, historia, zuzenbidea, geografia, antropologia, filosofia, psikologia, ekonomia, literatura, hezkuntza, erlijioa, musika, artea, komunikabideak...
Esaten da Euskal Herrian Akademia euskal nazionalismoari aurre egiteko erabili izan dela hemen. Nola kokatzen da masterra bataila honetan?
[Zubiaga] Akademia hegemonia ezartzeko tresna da, ezbairik gabe. Ez da inoiz gune neutrala, are gutxiago, esku artean dugun gaiari erreparatuz gero. Gure helburua gaur egungo munduan zentrala den fenomeno bat aztertzea da, ahalik eta ikuspuntu gehienetatik eta anitzetatik. Ikuspuntu akademikotik zorrotza izango da. Master bat antolatzeko, prozedura luzea bete behar da, eta gureak unibertsitate organo eta agentzia guztien babesa lortu du, akademikoki zorrotza delako.
Hortik aurrera, gure kezka ez da irakasleek edota ikasleek non kokatzen duten beren burua politikoki edo ideologikoki, baizik eta diziplina akademiko bakoitzean eta pentsamenduaren tradizio bakoitzean nazionalismoaren auzia nola aztertu den aztertzea. Eta, ezagutza horretatik abiatuz, nazionalismoaren alde teoriko edo praktiko zehatzei buruzko ikerketa lanak burutzeko gaitasunak eskuratzea. Dena den, jakin badakigu begirada akademiko berritzaile bati ateak zabaltzen dizkiogun heinean, aberastu eta, aldi berean, orekatu egingo ditugula orain arte euskal nazionalismoari buruz nagusi izan diren hurbilketa akademikoak.
Eta nori dago zuzenduta masterra?
[Zabalo] Formalki, diplomaduna edo lizentziaduna izanda, gaian interesa duten guztiei. Master batek, gaur egun, bi hartzaile mota ditu, oro har: gai horretan interesa duen edozein pertsona, eta horretan sakondu nahi duena; eta beste aldetik, interesa edukita ere, unibertsitate bidea jarraitu nahi duena, doktoretza tesia egiteko, normalean. Kasu bioi erantzuna eman nahi die gure masterrak: tesia egiteko aukera irekitzen du, baina nazionalismoa eta euskal nazionalismoa ikuspuntu askotatik lantzeko aukera paregabea iruditzen zaigu, era berean.
Masterra euskaraz da. Hori bertute bat da, zalantzarik gabe, baina ez al da aldi berean muga bat?
[Zubiaga] Lehenik eta behin, argitu behar da masterraren laurden bat erdaraz izango dela. Euskal Herritik kanpoko irakasle ospetsuak ekarri nahi izan ditugu, atzerriko esperientzia eta gai batzuk modu osoagoan lantzeko.
Hortik aparte, gainerakoa euskaraz izango da, eta guk aurrerapauso gisa jotzen dugu, euskararen normalkuntzan eragingo duen aldetik. Euskal Herrian euskal nazionalismoaz euskaraz aritzea ezin da inoiz muga izan. Sakonetik aztertuta, ezinbesteko abiapuntua besterik ez da.
Aldi berean, ikuspegi pragmatikoago batetik ere, hizkuntz eskakizun hori ez dugu ikusten muga gisa. Izan ere, apur bat aztertu dugu ikasle potentziala zein izan litekeen, eta konbentziturik gaude eskaera handiena ikasle euskaldunen artetik etorriko zaigula. Nazionalismoaz orokorrean arituko bagara ere, euskal nazionalismoan interesa duen jendeak parte hartuko duela aurreikusten dugu, eta horietako gehienak euskaldunak dira.
Dena den, aurrera begira, argi dago euskaraz eta ingelesez eroso arituko diren ikertzaileak trebatu beharko ditugula, punta-puntako ikerkuntza burutu nahi baldin badugu. Helburu horren arabera masterraren hizkuntz aukera egokitzen joango gara etorkizunean.
Kasu honetan arazo nagusia atzerriko ikertzaileentzat da, ezta?
[Zabalo] Egia da, hor dago eskaintza honen mugarik handiena, Euskal Herritik kanpo, atzerritik etor litezkeen ikasleentzat euskaraz izatea muga bat delako. Izan ere, atzerrian interes handia dago euskal nazionalismoarekiko eta badakigu aukera edukiko genukeela kanpoko ikasleak gureganatzeko, eta hori ere aurrerapauso nabarmena izango litzateke, hemen egingo luketen ikerketa lanek euren herrietan edukiko luketen oihartzunagatik.
Laburbilduz, akademikoki masterra aurrerapauso bat da; alde batetik, auzi honi buruz Euskal Herrian dagoen interesagatik eta beste alde batetik nazioartean ikerkuntzaren munduan oso indartsua den ikerketa eremu batean txertatzen delako; euskararen normalkuntzaren ikuspuntutik, goi-mailako ikasketak euskaraz ematea aurrerapauso nabarmena da, eta gaia honetarako aproposa da; eta azkenik, ikerketaren ikuspuntutik, hizkuntzari dagokionez, gure herrian eta unibertsitate mailan alor honetan dauden mugen erakusle da.
Nolanahi ere, momentuz euskaraz bakarrik abiatuko dugu masterra. Esan bezala, pentsatzen ari gara, dena den, nola konpondu arazo hori. I.S.