«UTMB lasterketarekin arantza bat daukat, benetako proba ez baitut korritu»
35 urteko lasterkari eubarrak lehen aldia zuen Mont Blanc-eko Ultra Trailean. Eta lehen saiakera izanik, zur eta lur utzi ditu hemengoak zein hangoak. UTMB izeneko proban (166 kilometro eta ia 10.000 metroko desnibel positiboa), bertan behera geratu arte, bederatzigarren postuan zegoen. Lasterketa alternatiboan (98 km, 5.600 m+), berriz, hirugarren sailkatu zen; hain zuzen, bi profesionalen atzetik.
Zigor Iturrietak, euskal selekzioko ordezkariak, agerraldi ikusgarria egin du distantzia luzeko (ultra trail) nazioarteko lasterketa entzutetsuenetarikoan. Profesionalen pare ibili da, eta hori, inolako zalantzarik gabe, nabarmentzekoa da.
Mont Blanc-eko probako txartela eskuratzeko, distantzia luzeko hiru lasterketa egin behar izan dituzu. Eta azkenean helburua erdietsi zenuen. Zer du bada UTMB lasterketak?
Txirrindulari batentzat Frantziako Tourra bezalakoa da. Erreferente nagusia. Kristoren giroa du; Zegamako maratoian bizitzen den antzekoa. Niretzat Meka bezalakoa da; bizitzan behin egin behar den horietakoa. Gainera, beste proba laburragoekin alderatuta, oso giro bikaina du: beste erritmo batean zoaz, ia lagunartean...
166 kilometro eta ia 10.000 metroko desnibel positiboa duen muturreko proba da. Lan handia eman al dizu prestaketan?
Lehen entrenamenduak azaroan hasi nituen, pixka bat Zegamakoari begira. Apirilera arte, hiru orduko saioak egin nituen. Ondoren, pixka bat luzatu nituen: lauzpabostekoak. Gehienez jota sei ordu egin ditut. Beste batzuk askoz ere ordu gehiago egiten dituzte, baina giharrak asko astintzen dituzu. 3, 4 edo 5 ordukoak izan dira, baina kalitatezkoak, topera.
Irteera puntuan zeunden, 2.300 lasterkarirekin batera, Chamonixeko plaza gainezka... Ikaragarria izan zen, ezta?
Kristoren festa izan zen. Irteera puntu horrek markatzen zaitu. Oso zirraragarria izan zen; ikusle mordoa animatzen, zintzarrien hotsak...
Zoritxarrez, 31. kilometroan (zure kasuan) lasterketa bertan behera geratu zen. Une horretan bederatzigarrena zinen. Nahiz eta «irteera» zen, harrituta al zeunden postu horrekin? Kilian Jornet eta enparauak ondoan zenituen!
«Irteera» ona egin nuen. Kontuan hartu behar duzu profesionalak eta oso denbora ona zutenak irteera puntuko lehen lerroan zeudela. Ni nahiko atzetik atera nintzen. Nire asmoa lehen hamarren artean sailkatzea zen. Ahal nuela garbi neukan, batez ere Txus Romonen iazkoa postua (5.) eta ateratako denbora ikusita. Estrategia zen aurreko multzoan sartu eta ahal nuen modura horri eutsi. Hots, lehenbizikoak harrapatu, erreferentzia hartu eta neure erritmoa mantendu.
Sasoiko zeundela argi zegoen. Izan ere, «Hiru Handiak» proban, ondoezik jarri arte, lehena joan zinen. Travesera-koan (Europako Mendiak) ere oso maila handia eman zenuen. Haatik, amateurra izanik profesionalen pare jardun duzu.
Arestian aipatu dizut nire helburua lehen hamarren artean sailkatzea zela. Oso sentsazio onak nituen, eta hori aprobetxatu behar nuen. Nik ez dakit atzean joaten, eta ia topera atera nintzen. Zaila da zeure burua kontrolatzea. Eginiko beste ultra trailetan oso ondo amaitu dut, eta horrek asko motibatu ninduen. 31. kilometroan geratu ninduten, eta oraindik asko geratzen zen. Auskalo zer gertatuko zen!
Lasterketa bertan behera geratu eta handik ordu batzuetara alternatibo bat egingo zela abisatu zuten. Courmayeur eta Chamonixen artean: 98 kilometro eta 5.600 metroko goranzko desnibela zuen proba. Hirugarren sailkatu zinen Jez Bragg britainiarra eta Mike Wolfe estatubatuarraren atzetik. Jabetu al zara lortutako emaitzarekin?
Ezta gutxiagorik ere; oraindik ez dut lur hartu! Proba aurretik katalan bati esan nion lehen hogeiren artean sailkatzea sinatuko nuela. Baina hirugarrena izan nintzen! Ondoren izandako bizipenak ikaragarria izan ziren: jendeak agurtzen ninduen, posterrak eta argazkiak sinatu ditut, elkarrizketak egin dizkidate, prentsaurreko batean egon nintzen... Erabat galduta nengoen; Jeff eta Mike profesionalak zirenez, bazekiten non zeuden. Jendeak galdetzen zuen: baina, nor da hau? Demasa izan da.
Oso lasterketa ona egin zenuen, uneoro lehen hamalauen artean.
Oso tarte txikiak egon ziren. Hamabi bat lagun multzo berean joan ginen. Aldapa gorantz eusten joan nintzen, eta aldapa beherantz ziztu bizian. Gainera jaitsierak oso teknikoak ziren; niretzat oso egokiak.
UTMBrekin arantza bat geratuko zitzaizun, ezta? Hala ere, jakin badakizu datorren urtean irteera puntuko lehen lerroan izango zarela, eta, oraingoan bai, begiak zugan jarrita egongo direla.
Bai, arantza bat geratu zait 68 kilometro gutxiagoko proba egin dudalako. Presioa izango ote dudan? Akaso bai. Oraindik ez dut erdietsitakoa ondo irentsi eta urtebete falta da. Jakina, 3. dortsala eramango dut.