GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Surf txapelketak Zirkuituak eta erakundeak

Maila eta mota askotako surf txapelketak daude. Jarraian, mundu mailako mota bakoitzeko txapelketei buruzko azalpen batzuk.

p054_f03.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Ez da erraza surf txapelketen nondik norakoak ulertzea. Are zailagoa da txapelketa bakoitza zirkuitu jakin batekoa izaten delako, eta horren arabera, arautegia ere desberdina izaten delako. Txapelketako arautegia eta surf librean bete beharreko arauak ere ez dira berdinak. Eta gainera, idatzi gabeko arauak ere badira, arau moralak edota arau «lokalak», tokian tokikoak. Norberak nahi moduan ulertzen dituenak. Sekulako saltsa dago, beraz.

Pasa den astean aipatu genuen 1982. urteaz geroztik mundu mailako surf zirkuituak antolatzen dituen ASP erakundea, baina ez da mundu mailako surf txapelketak antolatzen dituen erakunde bakarra, nahiz eta ezagunena izan.

ISA vs ASP

ISA (International Surfing Asociation) mundu mailako surf txapelketak antolatzen dituen beste erakunde bat da. Teorian erakunde honek indar handiagoa behar luke, zeren mundu mailako federazio antzeko bat da, estatuen egituretan txertatua. Kontua da erakunde honek beste edozein kirolek bezalako egitura eta jarduera dituela, eta hein horretan, ASP bezalako erakunde batek askatasun handiagoa dauka bere kabuz gauzak nahi bezala antolatzeko. ISA forma aldetik lotuagoa dagoela esan daiteke. ASP da, beraz, guretzako ezagunenak diren munduko surf txapelketak kudeatzen dituen erakundea.

ISA erakundeak ez dauka diru sari handiak eskaintzeko gaitasunik, horregatik ez dauka arrakasta handirik. Bere helburua surfa kirol olinpiko bilakatzea da: horrela, Olinpiadetan parte hartuta, surfak beste edozein kirolen pareko estatusa lortuko luke eta bide batez, diru sariak ere handiagoak izango lirateke.

ASP (Association of Surfing Professionals) da egun munduko surf txapelketen monopolioa duen erakundea. Bere arau eta irizpideen arabera antolatzen da piramidea, herri mailako txapelketetatik hasi eta punta-puntako txapelketetara. ASPk antolatzen dituen mundu mailako surf txapelketei dagokienean, hiru maila bereiztu behar dira. Lehenengo mailan WCT zirkuitua aurkitzen da. Gero, Prime izeneko txapelketak daude, bigarren maila batetan. Eta azkenik, WQS zirkuituko Star txapelketak leudeke. Baina dirudienez, ofizialki ASP erakundeak ez dauka munduko titulua emateko eskumenik, horregatik «munduko txapelduna» esaten dugun lekuan «ASP zirkuituko txapelduna» ulertu beharko dugu, munduko titulua ematen duena eta horretarako eskumena duen erakunde bakarra ISA baita.

WCT

WCT (World Championship Tour) zirkuitua hamar txapelketek osatzen dute. Txapelketa hauek dira garrantzitsuenak, aurreko urtean puntu gehien batu dituzten 46 surflariek bakarrik har dezakete parte zirkuitu honetan. Nesken kasuan herenaren teoria aplikatu behar da, lehiakide kopuru herena, dirusari herena, eta abar.

Tokian tokiko antolatzaileek bi edo hiru «Wildcard» bana ditzakete. Alegia, berez parte hartu ezin duten bi laguni parte hartzeko gonbidapena luza diezaieketela txapelketako antolatzaileek. Hamar txapelketa hauek munduko lekurik onenetan edo esanguratsuenetan izaten dira. Martxoan Australian hasi eta abenduan Hawaiin amaitzen da zirkuitua. Txapelketa gehienak finkoak dira, urtero leku berean ospatzen dira, baina badira lekuz aldatzen direnak ere, Rip Curl Search txapelketa esaterako, munduko edozein lekutan ospa daiteke.

WCTko txapelketak dira puntu gehien ematen dutenak, beraz bertan lehiatzen duenak parte-hartze hutsagatik puntu gehiago jasotzeko aukera du, horregatik erabaki da aurten sistema aldatzea. Tahitin egin berri duten txapelketaren ostean gauzak asko aldatuko dira. WCT zirkuitua amaitzeko falta diren hurrengo bost lehiaketetan, orain arteko puntuazioaren arabera lehen 32 postuetan zeuden lehiakideek parte hartuko dute, eta WQS zirkuituko emaitzen araberako lehen 15 kideak txertatuko dira. Helburua orain arte WCT eta WQS zirkuituen artean zegoen tartea txikitzea da, WQSko parte-hartzaileek WCTra igotzeko aukera gehiago izan dezaten eta WCT zirkuituan daudenek haien postua mantentzeko gehiago borrokatu behar izan dezaten. Arrazoi berarengatik eman zaie aurten Prime motako txapelketei garrantzi handiagoa.

Prime

Prime txapelketak ere leku esanguratsuetan egiten dituzte. WCT bat edo Prime txapelketa bat ez da edonon jokatzen, olatu oso onak izaten diren lekuetan ospatzen dira. Olatu onik gabeko lekua izanda ere txapelketa egiten da zenbait kasutan, baina nolabait esateko osagai estrategikoa duten lekuak dira, jendetza izugarria bildu edo oihartzun mediatiko handia izaten duten lekuak. Huntington Beach (AEBak), esaterako, ez da olatu oneko leku bat, baina jende gehien biltzen duen hondartza da. Japonian eta Brasilen ospatzen diren txapelketak ere ez dira olatu bikainetako hondartzetan egiten, baina surfaren industrian kokapen estrategikoa dute.

Mundakan WCTko txapelketa egiten zen. Mota honetako txapelketa bat hartzeko baldintzak betetzen dituen lekua baita, baina itsasaldi handia behar du eta gainera marea behean bakarrik izaten da olatua bere onenean. Horregatik erabaki zuten zirkuitutik ezabatzea, kalitate bikaineko olatua izan arren, behar bezala oso gutxitan lehertzen den olatua delako. Bere ordez Portugal aukeratu dute, olatu bikainak dituen kostaldea da eta gainera itsasaldiak errazago sartzen dira.

Aurrerago aipatu moduan, aurten garrantzia handia eman zaie mota honetako txapelketei. Iaz Prime bat irabazten zuen lehiakideak 3.500 puntu eskuratzen zituen. Aurten berriz, Prime bateko irabazleak 6.500 puntu biltzen ditu, alegia iazko bikoitza.

Stars

Hirugarren maila batean, WQS (World Qualifying Series) txapelketak daude. Hauen garrantzia izarren araberakoa da, zenbat eta izar gehiago izan, orduan eta puntu gehiago irabazlearentzat. Zarautzen ospatu berri den txapelketa adibidez, sei izarrekoa da, maila honetan eman daitekeen altuena beraz.

Irabaz sariei dagokienez ordea, WQS txapelketetan sari zehatza finkatuta dago, izar kopuru bakoitzeko diru sari bat izaten da eta hori ezin da aldatu. Prime txapelketetan, ordea, diru sari minimoa zehaztuta dago, WQS-ko gutxienekoa, baina hortik gora nahi adinako diru saria eskain dezakete. Hau puntako surflariak erakartzeko modu bat izaten da, parte hartzeko bestelako interesik ez duten lehiakide ezagunak erakarri eta ikuskizuna ziurtatzeko modu bat.

WQS zirkuituko txapelketa batean edonork har dezake parte, izena emateko prezioa ordaintzeko prest badago, horregatik izaten da parte-hartzaile gehiago mota honetako txapelketetan.

Arauak

Arauak eta puntuaketa irizpideak ongi zehaztuta daude, nahiz eta etengabe aldatzen diren, surf egiteko eta lehiatzeko modu berrietara egokituz. Interferentziak, esate baterako, zigor larriak ziren orain gutxi arte, lehiakideren batek beste baten olatua hartzen bazuen edo bi surflarik talka eginez gero, epaileek errua norena izan zen erabaki ostean, olatu onenaren puntuazioa kentzen zioten zigor gisa. Gaur egun horrelako kasuetan bigarren olatu onenaren puntuazio erdia kentzen da, beraz interferentziek ez dute hainbesteko eraginik.

Txanden denbora, esaterako, ez da beti berdina izaten, itsas baldintzen arabera alda daiteke. Piruleta itxurako seinale bat erabiltzen dute, lehiakideei denboraren berri emateko, batzuetan haize zakarra dagoelako-edo, surflariek ez dute entzuten bozgorailuetatik esaten dena. Piruletaren alde bat berdea izaten da eta bestea gorria. Txandan zehar lehiakideek piruletaren alde berdea ikusten dute, eta txanda amaitzeko bost minutu falta direnean kolore gorria erakusten diete.

Txandako parte-hartzaileen kopurua ere aldakorra da, izena eman duten lehiakide kopuruaren arabera lau, hiru edo bi kideko txandak izan daitezke. WCT txapelketetan beti izaten dira buruz buruko txandak.

Txandaz kanpoko arauak ere badira. Txanda amaitu ostean, esaterako, surflariak ezin du kendu soinean daraman koloretako likra bereizgarria. Lehiakideak likra soinean eraman behar du berau eskuratu duen lekuraino iritsi arte. Uretatik etzanda atera behar du txanda amaitutakoan, olatu bat hartu eta zutik jartzeagatik zigorra jaso lezake.

Arauen kontua oso korapilatsua da, batez ere interferentziei dagokienez, txapelketa mota bakoitzeko arauak ere aldatu egiten baitira. Hala ere, txapelketa guztietan izaten da hizlari bat eta hark ematen du kontu hauen berri, beraz pixka bat adi egonda, ez da zaila arauak behar bezala ikastea, oinarrizko arautegia beti berbera baita.

neskak

Nesken kasuan herenaren teoria aplikatzen da. Gizonezkoen arau berak, zirkuitu bera, baina zati hiru. Alegia WCTko lehiakide kopurua zati hiru, diru saria zati hiru, babesleen laguntza zati hiru eta abar.

wct ZIRKUITUA

Hurrengo bost lehiaketetan, orain arteko puntuazioaren arabera lehen 32 postuetan zeuden lehiakideek parte hartuko dute, eta WQS zirkuituko emaitzen araberako lehen 15 kideak txertatuko dira. Helburua orain arte WCT eta WQS zirkuituen artean zegoen tartea txikitzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo