GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Zorionak, Pauline Ado!

Hendaiako surflariak Europako ASP zirkuituko nesken txapela irabazi du, surflari batek Europan lor dezakeen titulu gorena.

Surflari ernegatua I
 
Azkenaldian hegoaldeko surflariek emaitza on bat eskuratzen duten bakoitzean albistea lau haizetara zabaltzeko joera dago. Askotan emaitza benetan ona izan gabe, edo emaitza on bat zergatik den azaldu gabe. Gaur egun maila eta mota guztietako hainbeste txapelketa izanda, ez da erraza emaitza baten garrantzia neurtzea, emaitza bat ona dela esateko irizpideak konplexuegiak izan baitaitezke, konparaketa irizpidea kasu. Baina dirudienez, denak bat datoz, surf erakundeetatik hasi eta kolore anitzetako komunikabideetara.

Kirola eta nortasuna eskutik saltzeko joera horretan, «euskal surflaritzat» hegoaldeko surflariak bakarrik aurkezten zaizkigu, iparraldekoak frantses moduan hartzen diren bitartean. «Frantsesak dira beren burua horrela ikusten dutelako» esan ohi da. Baina inork galdetu al die hegoaldeko surflariei beren burua nola ikusten duten? Askoren erantzunak harridura sortuko luke, ziurrenik iparraldeko zenbaitek emango luketen erantzun berbera emango bailuke batek baino gehiagok, batek «frantsesa» dioen lekuan, besteak «espainola» edo «munduko hiritarra» (azken batean gauza bera da) erantsiaz.

Euskal Herriko kostaldean bizi den surflari baten emaitza onak goraipatu beharko balirateke, benetako emaitza onak, ez ikusleriaren begietara salgarri aurkez daitezkeen sasi emaitzak, orduan Pauline Ado aipatu beharko genuke dudarik gabe.

Pauline Ado 19 urteko neskato bat da, Hendaiakoa. Iaz 2009ko Munduko Junior txapela eskuratu zuen, 20 urte bitarteko kategorian, ISA zirkuituan Frantzia ordezkatuaz. Aurten ere emaitza oso onak bildu ditu, uztailean Donostian izandako Oakley Pro Junior txapelketa irabazten ikusi genuen. Abuztuan berriz, Lacanauko olatuetan eskuratu zuen beste Pro Junior bateko txapela eta Pantinen, Galizian eskuratu berri duen puntuazioarekin Europako ASP zirkuituko nesken txapela eskuratu du. Alegia, Europa mailan neska batek eskura dezakeen titulurik gorena.

Txapelketa emaitzetatik harantzago, badu Pauline Adok beste ezaugarri esanguratsu bat. Bere lehiarako ikuspegiak puntako ereduetan du ortzimuga. Bitartekoak badira australiar edo estatubatuarren pare jartzeko, «sponsorren» laguntza handia da, baina europar surflari izatearen konplexua gainditu eta teknikaren hobekuntza landu behar da bere esanetan. Ikuspegi hau oso garrantzitsua da, puntako surflari batek behar dituen osagaiak izateko eman beharreko pausoak baititu buruan. Alegia, gurean hain errotua daukagun eredu atzerakoia gainditzen du, ez dago pentsatzen nor baino hobea den, noren atzetik dagoen baizik. Hala eta guztiz ere, bere emaitza onek eta bere ikuspegi aurrerakoiak ez dute oihartzunik gurean.

Hegoaldeko surflariek Pauline urruneko surflari bat balitz bezala ikusten duten bitartean, mundu mailako komunikabideek euskaldun bezala aurkezten dute Pauline: «Behind the blond hair and the angelic smile hides a little Basque lady with a very strong character». Ez dakit bere burua euskalduntzat duen ala ez, baina horrek ez luke axola behar. Bere burua euskalduntzat ez duten hegoaldeko surflari asko animatzen ditugu, gertuko sentitzen ditugulako, haien garaipenak gure sentitzen ditugu eta haien porrotekin ere sufritzen dugu, «gure» surflaritzat ditugu. Asko ez ditugu zuzenean ezagutu ere egiten, baina bada haiekiko erakartzen gaituen zerbait. Ikusle edo jarraitzaile moduan, hiruko erregela berarekin jardun beharko genuke iparraldeko surflariei dagokienean.

Zer gertatuko litzateke Pauline Hendaiakoa beharrean Hondarribikoa balitz, emakumea izan beharrean gizonezkoa balitz eta emaitza berberak lortuko balitu?

Erantzunak ez du esplikaziorik behar ezta? Gutxiengoen aldean egoteak baditu bere abantailak. Lan gehiago suposatzen du, sufrimendu gehiago, irudimenari zukua tantaka ateratzea eskatzen du, baina bestela garatuko ez liratekeen adimen atalak erabiltzera behartzen zaitu. Horra, hegoaldeko surflariok ikasi beharreko irakasgaia. Noren aurretik gauden begiratu beharrean, noren atzetik gauden begiratu, gutxiengoen aldean kokatu, eta eman beharreko pausoak norabide zuzenean emango ditugu. Eredua bertan dugu, urrun joan beharrik gabe, Bidasoaren bestaldean.

Bukatzeko, hemendik nire zorionik beroenak Pauline Ado Hendaiako surflari bikainari. Animo eta segi horrela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo