GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Gipuzkoako finala

Azurmendik bigarren zatian bideratu zuen txapela

Lan erdietan, Arriarangoak 11 segundoko aldea baino ez zion ateratzen Olasagastiri, baina hortik aurrera egin zuen zuloa. Luix Txapartegi izan zen azkena, eta datorren urtean Bigarren Mailan arituko da.

p040_f01_333x333.jpg

Jon LEUNDA I

Iñaki Azurmendik hirugarren aldiz irabazi zuen herenegun Gipuzkoako Lehen Mailako txapela. Iaz Olasagastik lortu zuen, baina Igeldokoak aurten bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Arriarangoa ia hasieratik lehen postuan jarri zen, eta amaierara bitarte hortxe jarraitu zuen. Luix Txapartegik, berriz, azkena amaitu zuen, eta maila galduko du.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Jendeak, berriz, ez zuen erantzun handirik eman, jende gutxi batu baitzen finala ikustera.

Iragar zitekeen moduan, saioa bizi-bizi hasi zen, eta Olasagasti aitzineratu zen. Bigarren enborra, ordea, gogor samarra izan zen, eta hor batzuek denbora dezente galdu zuten, batez ere Mujikak. Hortik aurrera lehen posturako lehia polita izan zuten Azurmendik eta Olasagastik, eta lan erdietan hamaika segundo ateratzen zizkion Arriarangoak Igeldokoari, eta garbi zegoen bi faboritoen artean egongo zela txapela.

Hortik aurrera, ordea, Azurmendi tartea irekitzen hasi zen, eta ihes egin zuen. Atzetik, berriz, Mujika indartsu zetorren, baina aurreko bietako inor ezin izan zuen harrapatu, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Hirugarren Maila

Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketan ere ez zen ezusterik izan, Unai Otañok, lehia irabazteko faborito nagusiak bereganatu baitzuen txapela. Berarekin batera, Xabier Zaldua ere datorren urtean Euskal Herriko Bigarren Mailan arituko da, bigarren amaitu baitzuen herenegun.

Orozkon jokatu zen finala, eta jende ugari batu zen saioa ikustera. Aizkolari bakoitzak hiru enbor kana-erdiko, eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. Lehen enborrean Kañamares III.a, probako gazteena, jarri zen sailkapenaren buruan, eta bigarren, berriz, Zaldua. Hirugarren amaitu zuen lehen kana-erdikoa Otañok, baina Ibarrakoak bigarren enborretik aurrera burua hartu zuen, eta berak nahi bezala eraman zuen proba.

Otaño Euskal Herriko Lehen Mailako bigarrena eta Gipuzkoako txapelduna izandakoa da, baina bi urte zigortuta pasatu ostean, maila guztiak galdu zituen, eta aurten behetik hasi behar izan du. Gipuzkoakoan lesio batek ez zion utzi finala jokatzen, eta Euskal Herrikoan jadanik eman du lehen urratsa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo