GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-zulatzea

Azken saioan ere Txorierrik erabateko nagusitasuna erakutsi du

J.L I

Amaitu da Euskal Herriko Liga, eta Txorierrik jantzi du txapela. Trapagaranen jokatu zen azkeneko saioa baino lehen ere gauza jakina zen hori, baina badaezpada ere, hori ere irabazi nahi izan dute, eta gainerakoei lehendik zuten aldea gehitu egin diete.

Txapeldunek, gainera, alde nabarmenarekin lortu zuten azkeneko saioa irabaztea, 22 zulo eta 2,8 zentimetro egin baitzituzten.

Emozioa bigarren posturako egon zen, bi zentimetroren barruan hiru talde sartu baitziren. Trapagaranek 16 zulo eta 6,5 zentimetro zulatu zituen, eta bigarren amaitu zuen. Zentimetro bat gehiago behar izan zituen Gallartak, eta beraientzat izan zen hirugarren postua. Burdin Gazteak taldeak, berriz, bi zentimetro gehiago behar izan zituen, eta laugarren bukatu zuen saioa.

Bosgarren postuan amaitu zuen Errekatxok 17 zulo eta 3,4 zentimetro zulatuta. Seigarren izan zen Kabiezes, 17 zulo eta 1,4 zentimetro zulatuta. Zazpigarren Las Karreras izan zen, 15 zulo eta 4 zentimetrorekin, eta azkena, berriz, KZ Kolpeka, 7 zulo eta 5,4 zentimetrorekin.

Sailkapen nagusian Txorierri jaun eta jabe izan da, jokatu dituen ia proba guztiak irabazita, eta erabateko nagusitasuna erakutsiz. Guztira 70 puntu batu ditu. Bigarren Burdin Gazteak izan da. Ortuellako taldeak 56 puntu lortu ditu. Hirugarren, Kabiezes izan da 47 punturekin. Laugarren, Trapagaran 46rekin, bosgarren Gallarta 39rekin, seigarren Kabiezes 28rekin, zazpigarren Errekatxo 17rekin, eta azken postuan, KZ kolpeka sailkatu da 9 punturekin.

Talde honen lana ere oso azpimarragarria da, izan ere lehian aritu den emakumezko talde bakarra baita. Iaz ere aritu zen, eta aurten ere bai. Nesketan ez dago beste talderik, eta lehian aritu ahal izateko mutilekin batera jardun behar izaten dute. Beraien ametsa talde gehiago sortzea da, baina oraingoz bakarrak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo