GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

MARKEL IRIZAR RADIO SHACKEKO TXIRRINDULARIA

Izan ala ez izan

Poliki-poliki bada ere, aurreneko astea pasa delarik, faboritoen zerrenda murriztuz doa etengabe. Sorpresa handirik ezean, Madrileko podiumeko lehen kaxkoan, Purito, Nibali edo Fuji ikustea izango zen normalena. Ematen duenez, 3 txirrindulari hauek, beste aurkari guztiek baino puntutxo bat gehiago dute.

Atzo ez Euskaltelek, ez Katushak ez zuten ihesaldiari ekiteko ardura hartu. Oraindik lasterketako puska handia geratzen denez, taldeak ahalik eta osoen eta «freskoen» mantendu nahi dituzte.

Baina Fuji lider jarri delarik, Euskaltelek egin ahal zuen onena lidergoa beste talde bati uztea zen. Hasieran, ematen zuen Igorrek maillota galduko zuela, baina azkenean bere soinean jarraituko du. Gaur egungo txirrindularitzan, esfortzuak eta lanak ondo neurtzen dira, eta ia ezinezkoa da bi astean lasterketa kontrolatzea. Orain eginiko gain esfortzuak azken astean ordaindu egiten dira. Ametsek eta bere taldekideek Kaikuk Kontxan bezala «arraunean» egin beharko dute, aurrerantzean talde lanak zeresan handia izango baitu.

Eta gaur, lasterketari buruz idazteaz gain, talde giro, eta talde barruko antolakuntzari buruz mintzatzera natorkizue. Txirrindularitza, beste taldekide baten mesedetan gehien sakrifikatzen den kiroletako bat da. Itzuli handi batean, liderrak arrakasta izan dezan bere taldekide guztiek azala ere errepidean utzi beharra daukate. Gaur egun, zuzendari eta managerrek, garrantzi handia ematen diote «taldea» egiteari, hau da, giro ona eduki eta jendea gustura sentitzeari. Giro ona eta «rollo» txarrik ez duen taldeari, lana egiteko moduan edota lasterketako egoera zail baten aurrean, beste zera berezi bat antzematen zaio. Horregatik, talentuaz gain, morrontza lanerako, jendearen izaerak ere zeresan handia du.

Giro eta saltsa hori jartzeko, talde bakoitzak baditu bere «showman» partikularrak. Euskaltelen, esaterako, Galdos eta Azanza batera zeudenean gibela botatzen genuen barrezka. Orain aldiz, Popovych edo Impey dira, afari eta gosariak animatzen dituztenak Radio Shacken.

Horren harira, saltsa eta giro ona jartzen maisu zen lagun bati buruz mintzatuko natzaizue. Gaurkoan ez nuen zutabe tristerik egin nahi, baina Txemotoren galerak izugarrizko gorputz txarra utzi dit. Sarritan, pertsona bat hiltzen denean, bere gauza onak bakarrik nabarmentzen dira, baina zinez diotsuet, komunikabideetan irakurri ala entzun duzuena, guztiz egia dela. Izugarri langilea izateaz gain, beti saltsa eta giro ona jartzen zuen horietakoa zen Txema. Txirrindulariengatik dena egiten zuenetarikoa, eta gu mimatzearren berdin zitzaion edozer egitea.

«Izan ala ez izan, horra hor gakoa», zioen Shakespearek. Batzuek berezkoa dute horrelako izaera, eta horregatik dira hain bereziak. Izaera horrek egiten ditu horren maitatuak, eta Txema horietako zen. Utziko digun zuloa bete ezina da, baina berarekin taldean egon garenok, bere irribarre eta «katxondeoagatik» gogoratuko dugu.

Goian bego, Txema Gonzalez, Txemoto.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo