GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Beren munduak azaltzeko erronka jarri die «Gaztezulo»-k irakurleei

Alfred Hitchcock zinemagile handiak bezala, «Gaztezulo» aldizkariak beren munduak erakustera gonbidatu ditu irakurleak. Azaro erdialdera arte izanen dute aukera bideo lehiaketan parte hartzeko. Bestalde, zabalik da euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko Benito Ansola Beka.

p059_f01.jpg

 

GARA |

Zeintzuk dira zure mundua definitzen duten apetak eta zaletasunak? Nola islatuko zenituzke bideo labur batean? Ariketa horixe jarri die “Gaztezulo” aldizkariak bere irakurleei, lehenbiziko aldiz antolatu duen ikus-entzunezkoen lehiaketan.

Azaldu dutenez, euskaraz eginak eta minutu bat eta hiru minutu artekoak izan behar dute bideoek. Euskaltubera edo Youtubera igo behar dira eta gero linka gaztezulo@gaztezulo.com helbidera bidali, azaroaren 15a baino lehen. Aukeratutako bideo onenaren egileak 1.500 euro irabaziko ditu, eta, gainera, Euskararen Udal Patronatuak Donostiako Euskararen Hiria bideo saria emanen die hiri honetan bizi diren edo bertan ikasten ari diren parte-hartzaileei. Mila euroko txartelarekin informatikako tresnak edo ikus-entzunezkoak erosteko aukera izanen dute.

Ikus-entzunezkoetako hainbat pertsona ezagunek osatuko dute epaimahaia, Koldo Almandoz, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zinema zuzendariek eta Egoitz Lasa eta Aitziber Garmendia aktoreek.

Bertze ekimen bat ere badago martxan euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko: Benito Ansola beka, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak uztailean aurkeztutakoa, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntzeko asmoz. Beka sortzeko, Lekeitioko Udala, Euskal Zine eta Bideo Bilera, Lakuako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Aldundiko Gazteria Zuzendaritza izan ditu lagun.

Gehienez, lau mila euroko bi beka emanen dituztela jakinarazi dute, ikus-entzunezko laburrak ekoizteko. Hautagaiek irailaren 27a baino lehen aurkeztu beharko dute lanaren proiektua.

Benito Ansola Lekeition sortu zen 1928an. Bertako parrokoa izateaz gain, anitz sustatu du euskal zinema eta zinemagintza irakasle izan da. Bere izena duten bekako oinarriak www.topagunea.org gunean kontsulta daitezke, eta “Gaztezulo”ko bideo lehiaketakoak, aldiz, www.gaztezulo.com-en.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo