GARA > Idatzia > Kultura

Gilles Plantade eskultorearen lanak ikusgai jarri ditu Baionako La Poudriere aretoak

«Zatiki, haustura eta batasuna» izeneko erakusketa zabaldu zuten atzo Baionan. Irailaren 25era arte, Gilles Plantade eskultorearen altzairuzko hogei bat obra preziatzen ahal dira La Poudriere aretoan.

p057_f01_148x104.jpg

Ainize BUTRON |

Baionako La Poudriere aretoak, arte garaikiderako erakustoki esanguratsu bilakatuak, «Eskulturen ipuinak» izeneko erakusketa zikloa hasi zuen maiatzean, eta horri amaiera emateko, iraila osoan bertan ikusgai izango dira Gilles Plantade artistaren obra erraldoiak.

«Zatiki, haustura eta batasuna» izenburua hartu duen erakusketak, zizelkari aheztarraren altzairuzko hogei bat obra ikustera ematen ditu ondoko irailaren 25a arte.

Gilles Plantade Boli Kostako Adzope herrian sortu zen 1962an. Bere familiaren bizimodu ibiltariaren ondorioz, Afrikako, Madagaskarreko eta Reunion uharteko kulturen eta errealitatearen kontaktuan gorpuztu dira Plantaderen sentsazioak, inpresioak, behaketak.

Jean François Larralde arte historialariak azaldu zuenez, «bere lehenengo obretan, Gilles Plantadek adreiluzko zatikiekin lan egiten zuen hondatzearen olerkigintzaren espirituan».

Altzairuzko bolumenak lantzen hasi zenerako, «metalaren, eta kubisten collageen tradizioan altzairuarekin sortzen den borrokaldi gogor eta bortitzaren esperientzia» egin zuela gehitu zuen Larraldek. Bere ibilbide artistikoan zehar, ekai eta tresna ezberdinak topatu, ezagutu eta menperatu ditu, beraz Plantadek. Adreiluarekin hasi, zura, igeltsua eta, azkenik altzairua izan ditu lagun. Baionan agertzen dituen eskulturetan azken horretan zizelkaturiko lanak dira nagusi.

Horiei buruz, Jean-François Larraldek honakoa argitu zuen: «Bere obra metalikoetan ez dira ohiko ikonografiak agertzen, altzairuaren legearen arabera nola moldatzen diren erakustea dute helburu: sortzen dituen bolumenak, moldatzen dituen espazioak, kontrasteak, sortzen dituen erritmo eta tentsio bereziak».

Plantadek arkitektura ikasketak eginak zituen zizelkari izan aurretik, eta ezagutza horrek bere obran daukan eragina nabarmendu zuen Larraldek: «Bere eskulturari arkitektura ikuspegi bat emateko duen helburuan, artistak altzairua benetako material gisa landu eta `materialaren egiaren' nozioa goraipatu nahi du».

Gilles Plantadek Baionan azaltzen dituen «Zatiki, haustura eta batasuna» izeneko sailean sortzen den paradoxa goraipatu zuten ostiralean egindako irekiera ekitaldian: «Agerian dagoen linearen garbitasuna eta obran barnatzean sortzen diren barne perspektiba korapilatsuak, bolumen batzuen indar bortitza eta horien kontaktuan sumatzen den goxotasuna, oreka berria asmatzen duen desoreken jokoa».

Asteartetik larunbatera

Erakusketaren izenburuak aditzera ematen duen bezala, artistak materialaren nahasketak, kaosa, zatikiak bereak egiten ditu, kasu horretan altzairuak azaltzen duen formari obedituz.

«Plantadek bere obrak gai baten arabera lantzen ahal baditu ere, askotan egiten duen heinean, senaz eta ondorio bati jarraituz, egiazko hizkuntza aurkitzen du. Espazioan irekiak diren bolumenekin eta bere arkitekturarekiko loturekin, barne eta kanpo espazioaren adierazpenaren helburuari erantzuten dio», goraipatu zuen, azkenik, Jean François Larraldek.

Obra erraldoiez osaturiko Baionako erakusketa asteartetik larunbatera egunero, arratsaldez, zabalik izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo