Estatubatuarren itzaleko sexu jolasak eguzkitara atera ditu Naomi Harrisek
Argazkilari kanadarra da Naomi Harris eta egunotan Getxophoton du bere lana eskegita. Taschen argitaletxean «American swingers» liburua argitara eman berri du, estatubatuar helduak bikote-trukean eta eguzki galdatan sexu jardunean agertzen dituen argazki bilduma.
A. BILBAO |
Naomi Harris (Toronto, 1973) argazkilari kanadarra gurean izan da egunotan, Getxophoto jaialdian erakusketa bat paratu baitu. «American Swingers» izeneko lanean AEBetan bikote-trukean jarduten duten pertsonak agertzen dira, sexu jardunean gustura. Argazki bilduma hori liburu batean ere argitaratu du, Taschenen eskutik, eta Bilbon aurkeztu.
Atera zuen lehen argazkia erakutsi zigun Harrisek. Bertan emakume bat ageri da lau hankatan, aurrean zein atzean gizon bana duela. Eta laugarren bat ohe ondoan zutunik, hirukoteari so. «American swingers» deitzen omen dira, eta bikote-trukeak zein taldekako sexua dute maite. «Egin nien lehen argazkia zen, beldurrak akabatzen nengoen, eta mezu bat igorri nien lagunei, inoiz berriro ikusten ez banauzue, bila nazazue hemen, esanez», aitortu zigun kanadarrak.
Bai irakurle, Harrisen argazki bilduman jendea gustura ageri da, askatasunean sexu jardun dibertigarrietan, baina akaso ilunpeko ekintzak direlako, bizarro samarrak gertatzen dira gehienontzat, harrigarri, eta batzuetan, desatseginak ere suertatzen dira.
Argazkiak etxe barruko jaietan eta, batez ere, kanpinetan eginak dira, eguzkitan. Eta bertan, jendea ohiko ekintzetan ageri da, sexu harremanak dituzten bitartean: hain ospetsuak diren barbakoak prestatzen, beisbola ikusten zein pizza jan eta garagardoak edaten (ezkerreko argazkietan legez).
«Lan egiteko prozedura gogor samarra da, eta giroa hozten zuen», onartzen du Harrisek. Argazkilaritzan ohi denez, «argazkia egin aurretik baimena eskatu behar duzu, eta beraiek eskubide agiri bat sinatu behar dute. Beraz, jo eta su ari zirela hurbildu eta... `kaixo! argazki bat egin diezazueket?' galdetzen nien, pentsa!».
«Mandingo´s party»
Harrisek egindako argazkietan ez da ikono erotikoetan ohiko diren gorputz lerdenik ageri. Batez bestekoa 50 urte inguruan ibiliko da, eta «gehienak zuriak eta erdi mailako klasekoak dira»; asko eta asko lodiak, utzi samarrak eta... AEBetako ikonografiaz josiak (barra eta izarren bandera nonahi ageri da), «beraien herrialdeaz eta bizimoduaz harro daudelako».
Eta irudietan beltzik kasik ageri ez bada ere, aurkezpena bukatu aurretik argazki bat erakutsi nahi izan zigun Harrisek, «nola jantzita egiten zenituen zuk argazkiak?», galdera erantzuteko.
Argazkiak dozena erdi afroamerikar irribarretsu agertzen ditu, alimalezko kirtenak (zakilak, bistan da) prest. Eta erdian berriz, toaila batean bilduta, Naomi Harris azal zurikoa. «Swingers jaietan, bada Mandingo´s Party izeneko bat -azaldu zigun Harrisek-. Senarrek -begiratzera mugatzen dira- emazteak eramaten dituzte bertara, beltzek beren nahierara `bortxa' ditzaten emakumeak» -itzultzaileak «abusatu» hitza erabili zuen-. Eta Harrisek «mandingoak» bildu nahi izan zituenean, argazkia egiteko, «ezinezkoa da, gizonak bakarrik agertzen bagara maritxuak garela esango dute», eta Harrisi argazkian ager zedin eskatu zioten. «Beraz, beraiek eroso egon zitezen, antzera `janzten' saiatzen nintzen argazki saioetan beti». Agurtu aurretik baina argi utzi nahi izan zuen berak argazkiak baino ez dituela egin, jaietan parte hartu gabe.