GARA > Idatzia > Ekonomia

Loiun istripua izan zuen 58 urteko langilea hil egin da, lau egun koman egon ostean

Iragan asteko ostegunean Loiuko Indubilsa enpresan istripua izan zuen langilea atzo hil zen, Gurutzeta ospitalean, lau egun koma egoeran egon ostean. Azken bost egunetan hiru langile hil dira; 51, urtea hasi zenetik.

p025_f02_148x104.jpg

GARA | BARAKALDO

Azken astea benetan gogorra izan da lan ezbeharrei dagokienez, bost egunen buruan hiru lagun hil baitira lanean zebiltzala izandako istripuen ondorioz. Azkena, Sopelako J.V. 58 urteko langilea izan da, lau egunetan koma egoeran egon ondoren, atzo zendu baitzen Barakaldoko Gurutzeta ospitalean.

Istripua iragan asteko ostegun goizean gertatu zen, Loiuko Indubilsa enpresan, LAB sindikatuak ostiralean azaldu zuenez. Goizeko zazpiak aldera, 500 kilo inguruko pieza batek buruan kolpe gogorra eman zion J.V. langileari, eta honen egoera «oso larria» izanik, Gurutzetara eraman zuten. Bertan lau egun eman zituen ostean, atzo hil zen, CCOO sindikatuak baieztatu zuenez. Bere lankideek egun osoko etena eta elkarretaratzea egingo dute gaur, lantegiaren aurrean, heriotza salatzeko.

ELA eta LAB sindikatuek Indubilsa enpresaren aurrean protesta egingo dute bihar eguerdian eta behin behinekotasuna eta lan baldintza txarrak istripuen arrazoi nagusiak direla adierazi zuten, eta lan erreformek arazo hori larriagotuko dutela gaitzetsi zuten.

Atzo, gainera, langile bat zauritu zen Barakaldoko Foruen etorbideko eraikin bateko obra batzuetan lanean ari zela.

Aurten dagoeneko 51 lagun hil dira Euskal Herrian, lanean ari zirela.

Iragan ostiralean, 39 urteko emakumea hil zen Iurretako Euskal Kataforesis (EKT) lantegian, lanean jasotako kolpe baten ondorioz, eta igandean 28 urteko gaztea hil zen Sidenor enpresak Basaurin duen lantegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo