GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egun handia dute otsagabiarrek gaur Muskildako baselizan

Iraila iristearekin batera, Otsagabian festa giro bikaina dute. Atzo goizean bota zuten suziriaz eman zieten hasiera larunbatera arte iraungo duten jaiei eta gaur dute egun bereziena. Herrian aski ezagunak diren zortzi dantzarik, Bobo buru dutela, dantza erakustaldia egingo dute Muskildako baselizan. Biharkoa haurren txanda izango da, txupinazo txikia eta egun osoan iraungo duten ekitaldiez gozatzeko aukera izango baitute.

p019_f02.jpg

Izaro ARBILLA

XVII. mendeaz geroztik, otsagabiarrak Muskildako baselizara igo ohi dira irailaren 8an. Gaur ere, Maiordomoaren etxean bapo gosalduta, Diana entzungo da herriko karriketan barrena Muskildara igo baino lehen. 11.00etan bideari ekin eta baselizara igoko dira. Antzinan bidea oinez egin ohi bazen ere, egun, tradizioa aldatu eta zati bat oinez eta bestea autoz egiten dute gehienek. Goian, Ama Birjinaren aurrean dantza egiten dute, Boborekin batera. Honen ondoren, mezaren aurretik, merezitako hamaiketakoa egiten dute; tradizio bihurtu den ohitura dute hori ere Otsagiko dantzariek. Meza eta hamaiketakoa bukatuta, herrira jaitsi eta maiordomoa eta alkatea etxera laguntzen dituzte.

Atzo hasi zuten festa Otsagabian, Rosario Aznaresek, GKEetan lanean ari diren emakumeen izenean, bota zuen suziriarekin. Plaza dezente bete zen, izan ere, aurrez txistor-jatea izan zen Blankoa plazan eta, antza, horrek jendea bertaratzea laguntzen du. Erraldoi eta buruhandiek jai giroan murgildu zuten Otsagabia.

Urtero bezala, udaletxeko balkoian ikurrina jartzeko eragozpenak izan zituztela azaldu zuten hainbat herritarrek. Txupi- nazorako jartzea ozta-ozta lortu bazuten ere, berehala kendu zuten. Hala ere, herriko plazan jartzen dute urtero eta jaiak iraun bitartean izaten da bertan.

Dantzari txikien txanda

Arratsaldean dantzarien txanda izan zen eta Salbearen ondoren herriko plazan estreinatu ziren. Berezitasun moduan arropa ezberdina janzten dutela azaldu zuen Gabriel Gembero dantzariak, eta atzo jantzi beltzarekin aritu ziren.

Otsagabiarrek beraz, dantzatzeko ohitura ondo errotua dute eta txikitatik hasi ohi dira ikasten. «14 ume aritu dira aurten entseatzen», azaldu zuen Gabrielek; gainera lau urtero talde berria sortu ohi da.

Haurren egunarekin batera, txikien dantza taldea bihar estreinatuko da lehendabiziko aldiz. Goizean txupinazo txikia botata, plazara irtengo dira, duten trebezia erakustera. Erraldoi eta buruhandiekin batera eguna ederki pasatzeko aukera paregabea izango dute.

HAURREN EGUNA

Bihar ospatuko dute otsagabiarrek haurren eguna. Txikien dantza erakustaldiaz gain, Gorriti eta bere animalien ekitaldia ikusteko aukera izango da herrian. Gau partean dantzaldia izango da, gaiteroen eskutik.

maiordomoa

Otsagabian, beste hainbat herritan galdua dagoen ohiturari eutsi diote: maiordomoak garai batean udalerrian zuen garrantzia aintzat hartuta, urtero izendapen berria egiten dute. Aurten, Patro Azkoiti izendatu dute maiordomo eta hainbat ekintzaren ardura du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo