GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Gu baino hobeto bizi dena...

Markel IRIZAR | Radio Shack taldeko txirrindularia

Vueltako lehen atseden eguna pasata, berriz ere prest dago lasterketa lanari ekiteko. Atseden egunean, presarik gabe gosaldu, bueltaxka txiki bat egin, terraza batean kafetxo bat hartu, bapo bazkaldu, eta gero siesta! Atseden eguna, fisikoki baino, psikologikoki eskertzen da gehiago. Baina aurrez esanda bezala, txirrindularitza ez da Vueltan bukatzen. Batzuk Katalunia aldean dauden bitartean, beste batzuk Parisen gaude Kanadara eramango gaituen hegazkinaren zain. Kanadan Quebec eta Montrealgo klasikoetan lehiatuko gara.

Charter hegazkin batean, tropel guztia hegazkin berean goaz, eta iritsitakoan, denok hotel berera. Hotela ikaragarri ona omen da, eta Kanada izugarri polita dela diote. Igandeko lasterketa eta gero, turismoa egiteko beste egun eta erdi izango dugu. Hau guztia kontuan hartuta, gure masajista italiarrak esan ohi duena datorkit gogora. Baina Irizar, nola egiten duk? Hegazkina ordainduta, hotela ere bai. Arropa garbitzen diate, bizikleta berri bat eman eta garbitu eta, horrez gain, hil bukaeran soldata jasotzen duk! Ba, horrela ikusita, kexarako aitzakia gutxi, ezta? Horrexegatik, nire osaba Mitxelok esango lukeen bezala: gu baino hobeto bizi dena, kabroi galanta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo