GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Hiru zertzelada besterik ez

Zazpi ordu geroago, hala ere, [Mohammed Zia Salehi ] aske utzi behar izan zuten, Karzai lehendakariaren agindu zuzenez: Salehi, besteak beste, herrialdeko Segurtasun Kontseiluaren arduradun gorena da eta, bidenabar, Karzairen oso hurbilekoa

Azken hilabete honetakoak eta eite bertsukoak dira hirurak. Eta gogoeta luze eta burutsuek baino argiago adieraz dezakete nondik nora (eta zergatik) dabiltzan gauzak Afganistango gerra hitsean. Hara.

Bat. Mohammed Zia Salehi atxilotu zuen Afganistango Poliziak ustelkeriaren aurkako operazio batean duela hilabete pasatxo. Diru beltza, droga esportazioetatik eratorria gehienbat, atzerrira eramaten ziharduen «enpresa» bat isilka jakinaren gainean ipini eta, ordainetan, bere semearentzat auto bat lortu izana leporatzen zitzaion. Zazpi ordu geroago, hala ere, aske utzi behar izan zuten, Karzai lehendakariaren agindu zuzenez: Salehi, besteak beste, herrialdeko Segurtasun Kontseiluaren arduradun gorena da eta, bidenabar, Karzairen oso hurbilekoa. Gaurkoz. Handik egun batzuetara, halaz eta guztiz, albistea AEBetako hedabideetara iritsi zen eta eskandalua sutu zen. Norbaitek beste «argibide» bat erantsi zionean, ordea, berehala isildu zen zalaparta: urteak, hamarkadak, daramatzala Salehik CIAren soldatapean. Abdul Rashid Dostum gerra-buru uzbekoaren itzultzailea zeneko garai haietatik, diote batzuek. Uf, atzo goizeko kontuak! Auto lardats batengatik haizatzen hasteko...

Bi. Khalilullah Frozi eta Sherkhan Farnood, Afganistango finantza erakunde pribatu handiena den Kabul Bankeko arduradun gorenak kargutik kendu dituzte joan den astean. Beren, eta bankuaren akziodun nagusien ahaideei inolako bermerik gabeko mailegu handiak eman izana leporatzen zaie; horien artean Mahmood Karzairi, lehendakariaren anaia eta bankuko akziodun nagusietakoa denari. Itxura denez, «onuradunek» mailegu horiekin eraikin ikusgarriak erosi dituzte... Dubain, Kabuldik 1.700 kilometrora. Banketxearen biziraupena ere kili-kolo dago une honetan, bertan dirua zutenek ate aurrean ilaran itxaroten duten bitartean ahal duten guztia atera eta eramateko. Hori ekiditeko, Afganistango banku zentralak, bere bermea luzatu dio banketxeari, baina azken batean dirua ipini beharko luketen AEBetan norbaitek esan du estatubatuarren sos bat ere ez dela erabiliko horretarako. Arazoak, halere, badu beste korapilo bat: Afganistango funtzionarioei eta Armadako soldadu guztiei banketxe horren bitartez ordaintzen zaie...

Hiru. Funtzionario horietako bat, Muhammed Akram, ia lanik gabe geratu da. Azken urte hauetan, talibanak erostea zen haren eginkizuna. Bueno, bere funtzioaren deitura ofiziala Bakea eta Berradiskidetzeko Batzordea edo antzeko zerbait zen, baina betekizuna, funtsean, horixe zuen: armak uzten zituzten matxinatuei eskupeko mardul bana ematea okupatzaileek hornitzen zioten diru kutxatik. Orain, ordea, kutxa hutsik omen dago. Ez dago argi zergatik, krisi ekonomikoak Mendebaldean erakarri dituen estutasunengatik ala hornitzaileak konturatu bide direlako ate birakariak bezala funtzionatzen zuela asmazioak gehienbat. Matxinatu, jarraian «errenditu», eskupekoa jaso, berriro «matxinatu» eta zikloa errepikatuz bizibidea ateratzen dutela hainbatek, alegia.

Noiz arte iraun dezake horrelako nahaspilak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo