GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Euskal taldeak

Teletovic: «Baskonia Superkoparako behar bezala prestatuko da»

A.G.

Caja Laboral Baskoniak duela ia hilabete eman zion hasiera denboraldi- aurreari. Hala, jokalariak sasoia hartzen ari dira, nahiz eta oraindik hainbat jokalari falta, Turkiako Munduko Txapelketa dela-eta. Hiru aste barru, hilaren 24an, ekingo zaio ofizialki denboraldiari, Gasteizen jokatuko den Superkoparekin. Bada, Mirza Teletovic-en aburuz, ordurako «sasoiko» egongo omen da Dusko Ivanovicen taldea.

«Sistemak berrikasten ari gara uneotan eta, nik uste, hilaren 24rako sasoian izango garela. Egia da oraindik San Emeterio, Huertas eta Bjelica falta direla, baina aurreneko biek sistemak ezagutzen dituzte eta Bjelica, berriz, mutil azkarra da eta berehala moldatuko da», adierazi zuen.

Bestetik, talde gasteiztarrak aditzera eman zuenez, Dusko Ivanovicen aginduetara entrenatzen ari zen Josep Maria Guzman antolatzaileak Baskonia laga egingo du, LEB ligako Lleida taldean jokatzeko. Baskoniak, prentsa ohar baten bitartez, eskerrak eman dizkio eta zorte ona opa izan dio jokalari kataluniarrari.

Lorbeken lesioa

Lagun Aro Gipuzkoa Basketi dagokionez, berriz, Domen Lorbekek min hartu zuen atzo. Lander Lasarekin tupust egin ostean, sudurretik odoletan ari zelako entrenamendua utzi behar izan zuen. Gipuzkoako Poliklinikan egindako probek adierazi dutenez, hegalekoak sudur hezurra hautsita eta mugituta du.

Esloveniarrak kirurgia plastiko bidezko tratamendua jaso zuen eta gaur bertan jasoko du senda-agiria. Egun gutxi batzuetan atseden hartu ondoren, entrenatzen hasiko da berriro Lorbek, maskara bat jantzita.

Bizkaia Bilbao Basket-ek, aldiz, atzo jarri zituen salgai La Casilla kiroldegiaren omenaldi partidarako sarrerak. Neurketa hilaren 15ean izango da, Errusiako Khimki taldearen aurka. Sarrera guztiek prezio berbera izango dute: 8 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo