GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Hondarribiko jaiak

Jaizkibel, indartsu, alarde bakar eta parekiderantz

Alardean sartzeko garaia heldu da». Horixe deritzo Jaizkibel konpainiak, urteen poderioz Hondarribiko konpainia handienetakoa bilakatu denak. Harro desfilatu zuten hura osatzen duten gizon-emakumeek atzo. Aterki beltz, txistu eta irainei muzin eginez eta etorkizuna euren lerroetan sentituta.

p011_f01.jpg

Oihana LLORENTE

Jaizkibel, hirurehun partaide ingururekin, Hondarribiko konpainia handienetakoa bilakatu da hamabost urteren buruan. «Zuekin inoiz ez» edo «Ez gara zuek ikustera etorri» dioten pankartak irakurtzera behartuak dira oraindik konpainia hori osatzen duten emakume, gizon eta haurrak. Usadioaren defendatzaile sutsuek irudimena aterki beltzen atzean galdu dutela dirudi,eta hesi horren bestaldetik txistuak eta irainak besterik ez dira iristen.

Espaloi beltzetan, ordea, gero eta gehiago dira Jaizkibel konpainiako emakume, gizon eta haurrak txalo eta begirada konplizeekin lagundu nahi dituztenak, are gehiago aterkietatik ihesi konpainia «satanizatua» ezagutzera animatzen direnak.

Jaizkibeleko kapitain Anabel Salinas pozarren agertu zen goizeko ibilbidea bukatutakoan, eta komunikabideen aitzinean Jaizkibeli, gainerako konpainiekin batera, Hondarribiko alardean desfilatzeko garaia heldu zaiola nabarmendu zuen; «Guk gauzak ondo egin ditugu eta ezin dugu askoz gehiago egin. Gero eta onartuagoak gara herrian eta hamabost urteren ondoren, gero eta normaltasun handiagoz bizi da herrian gure parte hartzea», adierazi zuen. Alde horretatik, alarde bakarra, parekidea eta publikoa ahalbidetzeko beharrezkoak diren urratsak ematera deitu zuen Udala.

Beldurra alboratu eta ausardiaz jokatzeko unea da honakoa Jaizkibelen iritziko, eta horretarako baldintzak badaudela sinistuta daude gainera. Izan ere, alardea abiatu aurretik, gizonez osatutako konpainiekin topo egiten dutenean, errespetu osoz eta batak bestearen atzetik normaltasunez desfilatzen dutela baieztatu zuen Salinasek.

Erakundeen txanda dela argi utzi du Jaizkibelek eta mezu hau zuzenean entzun ahal izan zuten Hondarribira joandako Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek, Iñigo Lamarca EAEko arartekoak, bai eta alderdi politiko desberdinetako ordezkariek ere. Berdintasunerako Legea betetzeko eskatu dute denek, aurten hamabosgarrenez.

Herritarrek ordea, urtez urte praktikarekin frogatu dute usadioak eralda daitezkeela, eta Jaizkibelek jasandako eraso eta irainen soka luzea izan arren, gazte ugarik bat egin dute emakumeen eskubideen aldeko borroka honetan.

Txilibituen artean, asko ziren atzo Jaizkibelen aurki zitezkeen umeak, neska zein mutil. Eta are umetxoagoak ontzia bizkarrean zeramaten kuberoen artean. Lehen aldiz igo dute Kale Nagusia. Amaren edo aitaren eskua hartuta eta euren bizilagunen haserre oihu eta irainen lekuko bilakatuta.

Jaizkibelekoak, ordea, ez zeuden bakarrik. Haiek babestera joandako herritarrek kalean gora egin zuten konpainiako kideekin, «betiko alardea!» oihukatzen zutenei «emakumeak alardean!» erantzunez. Lehen urtea izan dute maldan gora pankartarik gabe igotzen.

Ibilbidea bukatutakoan, jada ohitura bihurtu denez, konpainiako kideek euren aurretik igarotzen utzi zieten konpainiaren atzean zihoazen herritarrei, erakutsitako babesa eskertzearren. Alaitasuna nagusitu zen atzo Jaizkibel konpainian.

Alarde diskriminatzailearen zain ziren emakumeak, ostera, ez zuten aldarte onik eta haserre egin zieten harrera Jaizkibelekoei. Ulertzekoa, izan ere, haietako batzuk, lekua hartzearren, orduak zeramatzaten Kale Nagusian lo zakuekin zain eta euria erruz egin zien. Eskerrak aterkia eraman zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo