Bermeoko kaleak itsasoaren urdinak hartuko ditu Arrantzale Egunean
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egunik garrantzitsuena ospatuko dute gaur bermeotarrek. Arrantzaleak omentzeko eguna izaki, mahoizko jantziekin irtengo dira kalera herritarrak, eta horiek busti arte dantzan egingo dute txarangen doinuekin. Bihar, berriz, Andra Mari Hirugarrena ospatuko dute, eta musika eskaintza zabala izango dute Bermeora hurbiltzen direnek. Kale antzerkia ere izango da.
Nagore BELASTEGI
Andra Mari eguna ospatu zuten atzo Bermeon. Datorren asteko ostegunean, berriz, Santa Eufemia eguna ospatuko dute, nekazaritza azokaren ostean Xixili lamia erretzean festa luze hauei amaiera emateko. Hala eta guztiz ere, hurrengo asteburua hastear egongo denez, ondo aprobetxatuko dituzte egunak ekitaldiz betetzeko.
Gose taldea arduratu zen atzoko gaua musikaz janzteaz, gero parrandan jarraituko zutenak animatzeko. Gaur, berriz, Arrantzale Eguna da Bermeon, Bermeoko jaietako garrantzitsuena eta jendetsuena. Urdin ilunez janzten da herria, ohitura arrantzalez jantzita irtetea baita. Hala eta guztiz ere, eguna amaitzerako arrantzale arropak urdinak baino zuriak izaten dira, azkenaldian talko-hautsak botatzeko ohitura hartu baitute.
Goizetik hasiko dute jaia bermeotarrek. 11.00etan, hildako arrantzaleen omenezko meza ospatuko dutel Santa Eufamia elizan. Gero, lore eskaintza egingo dute eta denak batera kalejiran ibiliko dira txistulariekin. Itsasorako formazioa eman duten arduradunei ere omenaldia egingo diete portuan, arrantzaleen abestia kantatuz.
Eguerdian, 12.30ean, arimen aldeko meza ospatuko dute Almika elizan. Ordu horretatik aurrera ekitaldi erlijiosoek musika eta alaitasunari utziko diete tartea, 13.00etan, Los Incansables, El Despiste eta Patxaranga fanfarreak ibiliko baitira kalean gora eta behera. Horrez gain, trikitilariak izango dira aurreskuak eta zabaletakoak eskaintzen, Sabino Arana plazako kiosko inguruan.
Eguerdiko ordu bata eta erdiak jotzen dutenean bermeotar guztiak batera jaitsieran abiatuko dira eta San Frantzisko plazaraino iritsiko dira Taraskari, iturrian dagoen emakumearen eskulturari, loreak eskaintzeko. Arratsaldean, fanfarreak eta txarangak ibiliko dira berriro batetik bestera, arratsaldeko zazpietan Gaupasa taldeak lekukoa hartzen duen arte. Lameran izango da kontzertua eta bilbainadak zein habanerak abestuko dituzte. Gauerdia igarota, berriz, Lisker taldearen txanda izango da eta ordu bata eta erdietan, FM diskotekak dantzaldia eskainiko du.
Ostiralean Andra Mari Hirugarrena ospatuko dute, Andra Mari egunarekin eta Arrantzale Egunarekin batera jaietako garrantzitsuena. Egun horretan musika eskaintza zabala izango da, gustu guztietako jendeak gehien gustatzen zaiona zuzenean ikusteko aukera izan dezan. Eguerdian Mariachi Real Jalisco taldeak dantzaldia eskainiko du Lamerako kioskoan.
Arratsaldeari ekiteko, 18.00etan, 30. Bermeoko Hiria esku pilota txapelketa hasiko da Artza pilotalekuan. Ordubetera, Irakaskintza kalean Tocata y Fuga antzerki taldeak gaztelaniazko saio bat eskainiko du. Komedia beltzeko lana aurkeztuko du jendaurrean, kalean bertan, eta abestien bidez euren pasadizoak plazaratzen dituzten preso batzuen istorioa kontatuko dute. Iluntzean, 20.00etan III. Bermeoko Uria frontenis txapelketako finala jokatuko dute Artza frontoian. Gero, txokolatea banatuko dute Irakaskintza kalean. Zeliakoek ere jan ahal izango dute txokolatea, horientzako propio erositakoa ere izango baita. Hamar eta erdietan, su ikuskizun ederraz gozatzeko aukera izango da Asturiasko Pablo su-etxearen eskutik. Ordu erdira, gauero bezala, zezensuzkoa aterako dute.
Jaiak irailaren 16an bukatuko dira, Xixili erretzen dutenean, baina une hori heldu artean, Erandioko musika bandaren emanaldiez eta Bermeoko txistulariez gozatzeko aukera ere izango da. Gainera, baserriko produktuen azoka izango da Lameran, trikitilariek girotuta. Eguerdiko hamabietan, txahal haragi dastatzea izango da, eta 12.30ean balkoitik balkoira bertsotan ibiliko dira hainbat bertsolari.
Jaietarako hainbeste ekitaldi prestatu dituztenez, asteburuan ere jai giroari eutsiko diote. Igandean, 28. Bermeoko Uria Ikurrina estropadak izango dira. Horrez gain, 37. Plater Tiro Saria ospatuko dute Gibeleko tiroteka zelaian.
Arrantzale Eguna aspalditik ospatzen dute bermeotarrek. Hegaluzearen arrantza denboraldia amaitutakoan, arrantzale guztiak herrian biltzen zirenean, hasi ziren ospatzen egun hau.
Datorren ostegunean nekazaritza azoka izango da, eta 22.30ean, jaiei amaiera emateko, Xixili lamia erreko dute, Erandioko musika bandarekin doluzko ibilaldia egin ostean. Gero, su ikuskizuna izango dute.
Bihar, gaueko hamaiketan, Macaco taldearen kontzetua izango da Lameran. Tren zerbitzu berezia izango da Bilbo eta Bermeo artean, abeslaria ikustera etorri nahi dutenei lana errazte aldera.