GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Zazpi gezur, politika ekonomikoan (II)

Artikulu hau aurretik (ikusi GARA, 2010-9-2) argitaratutakoaren jarraipena da. Hartan Tobar-Arbuluk lehendabiziko hiru gezurrak azaltzen zituen eta honetan gainontzeko laurak aurkezten ditu.

Laugarren gezurra: gizarte segurantza hondaturik dago. Izatez, Gobernuaren txekeak ez dira fondorik gabekoak. Gobernuak gastatzen du bankuan ditugun kontuetan zenbakiak aldatuz. Hori gizarte segurantzari ere aplikatzen zaio (http://moslerforsenate.com/wp-content/uploads/2010/06/7DIF.pdf). Ez dago inolako mugapenik gobernuaren trebetasunean segurtasun sozialeko ordainketak egiteko.

Gizarte segurantzako ordainketak gauzatzeko garaia iristen denean, Gobernuak egin behar duen bakarra onuradunaren kontuetan zenbakiak gorantz aldatzea da, eta gero fondo kontuetan zenbakiak beherantz aldatzea, egin duenaren aztarna uzteko.

Gaur egungo gizarte segurantzako programarekin, orain Gobernuari zeure dirua ematen diozu, beranduago berak diru hori atzera emateko. Horixe da, hain zuzen ere, gertatzen dena gobernu-bonu bat erosten duzunean. Gobernuari orain zeure dirua ematen diozu eta gero zure dirua gehi interes bat bereganatzen duzu. (Interesaren kontua kenduta, bi fenomenoak berdintsuak dira.)

Pribatizazio proposamenarekin, Gobernuak gizarte segurantzako ordainketak murriztuko ditu eta enplegatuek beren dirua merkatuan jarriko dute salgai. Baina Altxor Publikoak titulu gehiago jaulki eta saldu behar ditu, murriztutako errentak estaltzeko. Enplegatuek salgaia erosten dutenean, beste pertsona batengandik erosten dute. Beraz, salgaiek egiten dutena eskuz aldatzea da. Ez da diru gehiagorik sartu ekonomian. Eta salgaiak saldu dituen jendeak, orduan, salmentatik datorren dirua du, zeina gobernu-bonuak erosten dituen dirua baita. Beraz, ikuspuntu makroekonomiko batetik, gertatu den guztia hauxe izan da: salgai batzuk eskuz aldatu dira, baita bonu batzuk ere. Hortaz, horrek guztiak ez du izango inolako eraginik ekonomian.

Kontua okerragoa da. «Belaunaldien» arteko istorioak honela dio: arazoa da hemendik 30 urtera erretiratutako pertsonak askoz gehiago izango direla eta proportzionalki langile gutxiago (zeina egia den!), eta gizarte segurantzako funtsa dirurik gabe geratuko da. Hortaz, arazoa konpontzeko, zaharrei diru nahikoa emateko modu bat lortu behar dugu, beraiek behar izango dituzten salgai eta zerbitzuak ordaintzearren.

Eman dezagun muturreko etsenplu bat: hemendik 50 urtera soilik pertsona bakar bat egongo da lanean eta 300 milioi erretiratu. Lagun hori oso lanpetuta egongo da, janari guztia berak ekoiztu behar baitu, eraikin guztiak eraiki eta mantendu, osasun beharrizanak hornitu, TV programa guztiak ekoiztu eta abar oso luze bat... Egin behar duguna 300 milioi erretiratu horiek langile soil eta bakar horri ordaintzeko funtsak izatea segurtatzea ote da? Arazo hau ez dagokio diruari.

Segurtatu behar duguna hau da: langile bakar eta soil hori behar bezain azkarra eta emankorra izatea, eta ondasun-kapital nahikoa izatea, baita softwarea ere, erretiratuek behar duten guztia produzitu ahal izateko. Benetako arazoa hauxe da: gainontzeko langileak nahikoa emankorrak ez badira, salgaien eta zerbitzuen gabezia orokorra egongo da. Diru gehiago edukitzeak soilik prezioak igoaraziko ditu, ez ondasun eta zerbitzu gehiago ekoiztea.

Kontu nagusia are gehiago okertzen da hau gehitzen dutenean: Gobernuak gaur gastuak murriztu behar ditu edo zergak handitu, biharko gastuetarako funtsak metatzeko. Badakigu Gobernuak gastatzen duela gure banku-kontuetan zenbakiak goratuz. Eta zergapetzen du gure banku-kontuetan zenbakiak jaitsiz. Eta zergak handitzeak gure gastatzeko ahalmena gutxitzea esan nahi du, ez Gobernuari ezer ematea gastatzearren. (Egia da gastua oso handia baldin bada, ekonomia gehiegi «berotzen» duela.)

Kontua are larriago bilakatzen da. Korronte nagusiko edozein ekonomialari ados egongo da gaur egungo produzitutako ondasun errealetan ez dagoela gauza handirik gaurtik 50 urtera erabilgarria izango denik. Beraz, gure ondorengoentzat egin dezakegun gauza bakarra da segurtatzea beren etorkizuneko eskariak betetzen laguntzeko, beraiek ezaguera eta teknologia izan dezaten. Ironikoa dena hauxe da: etorkizunerako funts publikoak «aurrezteko», egiten dena da gaur egungo gastuak murriztu, eta horrek ez dio laguntzen ekonomiari eta outputaren hazkundea eta enplegua murrizten ditu. Gutxi balitz, kontua are gehiago okertzen da. Politikariek hartzen duten lehen erabakia hezkuntza arloa murriztea da!

Baldin eta helburua bada zaharrek edozein garaitan errenta gehiago edukitzea, irtenbidea oso sinplea da. Benetako galdera hauxe da: zein kontsumo-mailaz hornitu nahi ditugu gure zaharrak? Zenbat diru esleitu nahi diegu janaritarako? Zenbat jantzietarako? Elektrizitaterako? Gasolinarako? Zenbat etxerako? Osasun-zerbitzuetarako?

Horiek dira benetako arazoak, eta, noski, zaharrei ondasun eta zerbitzu horietatik gehiago emateak esan nahi du gutxiago daukagula guretzat. Zaharrei esleitzen dizkiegun ondasun eta zerbitzu kopuruak dira guretzako benetako kostua, ez ordainketak, zeren azken horiek banku-kontuetan zenbakiak besterik ez baitira.

Bosgarren gezurra: merkataritza defizita jasan ezinezko desoreka da, zeinak enpleguak eta outputa kentzen dituen. Izatez, inportazioak mozkin errealak dira eta esportazioak kostu errealak. Merkataritza defizitek zuzenean gure bizitza-estandarra hobetzen dute. Enpleguak galtzen dira zergak oso altuak direlako gobernu-gastu maila zehatz baterako, ez inportazioengatik.

Amerikarrak merkataritza defizitetik era neurgaitzean ari dira profitatzen. Gainontzeko munduko herrialdeak amerikarrei bilioika dolar bidaltzen aritu dira, ondasun eta zerbitzu errealekin, amerikarrek gainerakoei bidali zietena baino askoz gehiago.

Gogoratu aurreko gezurra, ezen AEBek beti barneko outputa eta barneko enplegu osoa babes dezakete politika fiskalarekin (zerga murrizketak eta/edo gobernu gastuak), nahiz eta Txinak (edo beste edozein herrialdek) erabakitzen badu AEBei, aldez aurretik lan berauen barneko industriak (aldez aurretik lan hori egiten zutenak) alboratzen dituzten ondasun eta zerbitzu errealak bidaltzea. Amerikarrek egin behar dutena argi da: amerikar gastu ahalmena nahiko altua edukitzea, atzerritarrek saldu nahi dietena gehi amerikarrek produzitu ditzakeen ondasun eta zerbitzuak, biak, erostearren gai izateko ahalmena.

Egia da, enpleguak gal daitezke enpresa batzuetan, baina politika fiskal egoki batekin, beti egongo da barneko gastu-ahalmen nahikoa, lan egiteko gai direnak eta lan egin nahi dutenak enplegatzeko, kontsumo pribatu eta publikorako beste ondasun eta zerbitzu mota batzuk produzituz.

Seigarren gezurra: aurrezkiak behar ditugu, inbertsiorako funtsak hornitzearren. Kontua da inbertsioak aurrezkiei gehitzen zaizkiela. Gezur honek ekonomia osoren azpia jaten du, baliabide errealak sektore errealetatik aldentzen baititu, finantza sektorearen onurarako: inbertsio erreala interes publikotik kanpo zuzenduta egonik. Zenbait autoreren iritziz, gezur honek urteko output baliagarriaren eta enpleguaren %20 murriztu dezake. Gainera ezagutu dugun finantza-krisi gisara eraman du, zuzenean.

Zazpigarren gezurra: gauza txarra da gaur egungo defizit handiagoek biharko zerga handiagoak esan nahi dutela.

Kontua da hori ez dela gauza txar bat, gauza ona baizik! Hortaz, honela izan beharko litzateke aipua: gaur egungo defizit altuek, langabezia altua denean, langabeziari eragingo diote maila batera jaistek, non zergak altxatu behar baitira bat-bateko ekonomia goraldia hoztearren.

Laburbilduz, moneta-sistemak nola funtzionatzen duen ez jakitea da funtsezko arazo nagusia (ikus http://agonist.org/bolo/20100426/modern_monetary_theory_an_overview). Ekitate soziala eta litekeen inflazioa dira arazoak, baina inoiz ez Gobernuaren kaudimena.

Politikariak etorkizunaz benetan arduratuta egongo balira, helburu horretarako baliagarriagoa den heziketa mota sustatuko lukete. Baina sistema monetarioa zertan datzan ulertzen ez dutenez, ondorioz, politika ekonomikoari buruzko gezurrek zutik diraute. Noiz arte?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo