GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Ordiziako Euskal Jaiak

Legazpitik Ordiziara, Idiazabalgoak garaile Euskal Jaietako 37. gazta lehiaketan

Ganadua, fruta, barazkiak zein perretxikoak. Euskal Herriko nekazaritza produktuen erakusleiho erraldoi bihurtu zen atzo Ordizia. Gazta izan zen, hala ere, arreta gehien bereganatu zuena. 37. gazta lehiaketa ospatu zen eta irabazle Idiazabalgo Aranburu elkartekoak izan ziren. Martin Berasategik aurten ere «egundoko maila» izan dela esan zuen.

p016_f0121336.jpg

Janire ARRONDO

Beasaingo Dolarea hotela eta Kikara kafetegia aritu ziren nor baino nor amaiera arte, Ordiziako gazta lehiaketan irabazle suertatu zen gazta erdia erosteko enkantean. Ivan Matek, ordea, argi zuen ireki berri duten hotelari publizitatea egin eta bultzada emateko aukera polita emango ziola gaztak; 7.200 euro ordainduta eraman zuten azkenean Dolarea hotelera gazta erdia. Agian, ardoaz eta Olaberriko txakolinaz lagunduta, dastatze saioren bat egingo dutela iragarri zuen Matek.

Gazta irabazlea aukeratzeko, ordea, serio aritu zen, Martin Berasategi sukaldariak gidaturik, 24 laguneko taldea. Tartean, sukaldariak, Pedro Subijana eta Ilario Arbelaitz, Fermin Leizaola etnografoa, gaztan adituak direnak eta iazko lehiaketa irabazi zuen Elgoibarko artzaina, Jesus Ansola. Goizeko hamarretarako gerturatu ziren Beti-Alai frontoira lehiaketan parte hartuko zuten 67 artzainak, bakoitzak bere perlarik onenak eskutan zituela. Zaharxeagoak edo berriagoak, gehienak ketu gabeak... Martin Berasategik «aho zabalik» geratzeko modukoak zirela aitortu zuen. «Egundoko maila dago aurten ere. Urtero esaten dugu hobetzea ez dela posible izango eta etortzen naizen aldiro harrituta geratzen naiz. Nik uste dut gure artzainak egundokoak direla, gaztarik onenetarikoa da Idiazabal gazta», aitortu zuen sukaldariak.

Lehenbiziko aukeraketan 14 gazta bereiztu zituzten, gero horietatik 5 nabarmendu ziren. Azkenean, eguerdiko ordu bietatik gertu eman zuten irabazlearen izena. Ez da lehen aldia Idiazabalgo Aranburu elkartekoak Ordiziako txapela bereganatzen dutela; hain justu, 2006an eta 2008an irabazia zuten lehiaketa Ondramuino baserrikoek. Garaikurrarekin eta diru sariarekin batera, «Ordiziako Txapeldun» izendapena ageri zuten 5.000 etiketa eta diploma eraman zituen. Joan Joxe Aranburuk saria jaso ondoren azaldu zuenez, gazta irabazlea apirilaren aurrenean egindakoa da, ketu gabea, lehenbiziko bost postuetan geratu ziren gainontzeko gaztak bezala. «Zapore orekatua» duela nabarmendu zuen, «ez suabeegia ez fuerteegia». Martin Berasategik, irabazlea hautatu baino lehen, azaldu zuenez, gazta irabazleak «detaileak» izan behar ditu besteengandik bereizteko. Aranburutarren gaztak izango zuen baten bat, aurreko igandean Legazpiko Artzain Eguneko lehiaketan ere irabazle suertatu baitziren.

Lehiaketako bigarren saria ere Goierrin geratu zen; zehazki Segurako Ondarre baserriko Karmele Muruak eraman zuen. Sariak sari, aurtengoan ez dute euren gaztak saltzeko arazorik izango biek ere.

Lehiaketaz lehiaketa

Asteazkenero ospatzen da Ordizian baserriko produktuen azoka Plaza Nagusian. Atzokoan baina, Euskal Jaien ingurumarian, azoka berezia izan zen: Garagartza plazan ganadu eta lumagorriak zeuden ikusgai, Barandiaran plazan, fruta, barazki zein perretxikoak eta, beste hainbat kale eta txokotan, dozenaka jaki, bitxi edo jantzi postu. Goizean goizetik jende ugari zebilen batetik bestera, bata ikusi, bestea probatu eta, baten batzuk, erostera ere animatzen ziren. Hamaikak ingururako kaleak jendez lepo zeuden eta txistulari, dultzainero edo trikitilariz alaiturik, festa giroak hartu zuen Ordizia.

Lehiaketak ere ugari izaten dira egun honetan. Hala, Barandiaran plazan Maddi Iradik eraman zuen fruitu lehiaketako saria eta perretxiko erakusketarena. Baratzeko fruiturik ikusgarrienak eraman zituen hernaniarrak Ordiziara; Asiako pepinoa, piper klase ugari, hamaika tomate, kuia edo kuiatxo. Dotore apainduta, arreta bereganatzen zuen, bestalde, Martuteneko Olatxo baserriko Joxe Manuel Zabalegiren mahaiak. Berenjena gorri, hori zein berdeak, Txileko piperrak, apainketarako kukunix berdea edo postutik zintzilik pare bat metro luzeko lufa esponja begetalak zituen. Zabalegik berak eraman zuen, iaz bezala, barazki lehiaketako saria. Aipamen ugari banatu zituzten, berriz, urte osoan Plaza Nagusian postua jartzen duten baserritarren artean. Nagusia Baliarraingo Maria Jesus Mujikak eraman zuen. Euskal oiloaren lehiaketa, piriniar arrazako ganaduarena eta Goierriko odolkiarena ere egin zuten.

Pilota partidaren, aizkolarien eta harri-jasotzaileen txanda iritsi zen arratsaldean. Kalean eta tabernetan, berriz, goizaldera arte luzatuko zen jai eguna.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo