GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Bizkartzainen askatasuna

 

Seguritate handiena sentitzen da seguritate neurririk hartzeko beharrizanik ez duzunean. Horixe pentsatu izan dut beti, askatasunik behinena dela aske ibili ahal izatea, beldurrik ez sentitzea, beldurrik sentitzeko arrazoiak ez edukitzea. Baina oker nengoen, antza.

Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak 50 pertsonari bizkartzainak ez ordaintzea erabaki duenean, orduan «La Asociación de Escoltas en Activo [sic] del País Vasco» delakoak prentsa oharra atera du esanez, hitzez hitz, «el colectivo de escoltas, que ha sido una pieza fundamental a la hora de garantizar las libertades en el País Vasco, no ha sido informado en ningún momento de los cambios que se están imponiendo desde las instituciones».

Bizkartzainen iritziz, beraz, eurak izan dira ezinbesteko tresna, Euskal Herriko askatasuna bermatzeko. Beraiei esker gara libreagoak Euskal Herrian. Alboetara begiratzeak, lepoaren atzean nor dagoen behatzeak eta autoaren azpialdean miatzeak askeago egiten gaitu, antza.

Bizkartzainak haserre daude bortizkeria ezak langabetuko dituelako. Garesti ateratzen zaie bakea; gatazkan daude erosoago. Euren interesa argudio politiko bihurtu dute eta agintari politikoei jakinarazi diete ez dutela guardia jaitsi behar, zeren aurretik ere bizi izan baitira honelako egoerak (su-etenaren aurretik mintzatu ziren), «y sólo han servido para dar oxígeno a la banda, lo que ha posibilitado su reestructuración y mejora de operatividad».

Bakearen kaltetu laboralak dira bizkartzainak. Arduratzen nauena da sumatzea politikari batzuk ere kaltetuko dituela bakeak, eta zer ez ote duten asmatuko gatazkaz profitatzen segitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo