Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Beste arrazoi bat
Zapatuko manifestazioaren aurrean, aldarrikapen hau ozenago oihukatzeko beste arrazoi bat bihurtzen da manifestazioa galarazteko Estatu espainolaren ahalegina.
Estatuaren betebeharra da pertsona ororen eskubide zibil eta politikoak errespetatu eta errespetaraztea. Jakin badakigu, eskubideei dagokienez batez ere, paperak edozeri eutsi ahal dion arren, errealitatea oso bestelakoa dela; hau estatu espainolaren ekialdetik mendebaldera arte munduko bola osoari buelta emanda errepikatzen da.
Hala, estatuek ez dutenean nahi zuzenbide arauak jarraitu eta beren apeta zein desio politikoak betetzeko eran jokatu nahi dutenean (urtearen 365 egunetatik 366 egunetan, alegia), arautegi hauen «salbuespena» ezartzen dute.
Horregatik deitzen zaio «salbuespen egoera» eskubide gabeziak agintzen dituen estatus edo situazioari. Horrelakoetan salbuespen moduan [sic] estatuak ez du elkartzeko eskubidea errespetatzen, adierazpen askatasuna isilarazten du, norberaren intimitate intimoenean sartzen da, torturak eta zigor krudelak erabiltzen ditu, bizitza eta askatasun eskubidea urratzen du... Lar usuak geure herrian, salbuespentzat jotzeko.
Zuzenbide arauak betetzen ez dituen «zuzenbide estatu» izeneko horrek beti dauka aitzakiaren bat gehiegikeriak egiteko. Estatu hauek normalean arrisku latz egoera argudiatzen dute euren jokabidea zilegitzen ahalegintzeko.
Arrisku latz moduan zer ulertzen da, ba? Argi eta garbi Estatuak berak bere biziraupenerako arriskutsutzat jotzen duen hori; gainera, normalean bere mugen barruko mehatxuren bati egozten dio arrisku horren zioa.
Aspalditik da gauza jakina Estatu espainolarentzako mehatxua ez dela ETA, ezta ezker abertzalea ere -nahiz eta eurak, txukun agertzearren, adierazpen horietan tematu-, baizik eta Euskal Herri osoa.
Zelan azalduko, bestela, orain Adierazi EH plataforman bat egin duten eragile eta lagun guztiek «sospetxosoen» esparrua zabaldu izana? Alderdi politikoak, sindikatuak, giza eskubideen aldeko taldeak, konpartsak eta peñak, irakasleak, musikariak, idazleak, baserritarrak, bertsolariak, abokatuak, kirolariak, baita futbol kluben bateko lehendakari ohiren bat ere...
Estatuak, sakoneko arrazoiak ezkutatzearren, hauei guztiei tontolapiko deituta azalduko du, benetan zer aldarrikatzen ari diren ez jakitea eta beste batzuek erabili izana egotziko die. Agian, kontuan hartuta hainbeste jende hain ezberdin Batasunaren ondorengo zerbaiten omen daudela eurek ere jakin barik, hobe litzateke hipnosis kolektiboari errua botatzea.
Batzuetan harritzen nau zelan urduritu ahal den botere, ahalmen eta bitarteko guztien jabe den Estatua.
Ulergarria da zergatik atera nahi duten momentu eta koiuntura honetan artilleria astuna, inor ez dadin mugitu, ezer ez dadin aldatu, egoera erosoan gelditu ahal daitezen; hala ere, eurek nahi eta nahi ez, eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena izan behar den zapatuko manifestazioaren aurrean, aldarrikapen hau ozenago oihukatzeko beste arrazoi bat bihurtzen da manifestazioa galarazteko Estatu espainolaren ahalegina.