Karlos Almorza eta Esti Amenabarro Amasa-Villabonako ezker abertzaleko kideak
Josune Arretxe: hamaika herri borroka bakarra
Las campañas de los pueblos solo son débiles, cuando en ellas no se alista el corazón de la mujer (Jose Martí)
Zorigaiztoren batek Villabonako ezker abertzalea osatzen dugun emakume eta gizonezkoak kolpatzen jarraitzen duela pentsatzen gaude, etenik gabe. Irailaren 1ean, Villabonako herritar asko asaldatu eta tristuraz bete zituen berria jaso genuen, beste behin ere: Josune Arretxe, Amasako bere etxean, Alfonsinaenean zendu da. Malko ia gutxi geratzen zaigu baina denok gogoeta berbera egin dugu, aho txikian, urtebeteren buruan Villabonako herriak balore humano eta politiko neurgaitzak zituzten bi pertsona galdu ditu, Remi Ayestaran eta Josune Arretxe. Biak Euskal Herriko zeru gainean izar bihurtu zaizkigu, askatasunaren aldeko borrokan burkide eta lagun izan dituzten haien ondora joan zaizkigu. Eta aitortu behar, lur jota geunden eta orain ez gara askoz hobeto geratu.
Josune Arretxe nolakoa zen hitzez Euskal Herri osoari adierazteko saioa duzue hauxe. Lan nekeza hauxe, baina saiatu beharko dugu. Uztailaren 31n ikusi genuen publikoki azken aldikoz, Remi Ayestaran bere udal kide eta lagunaren aldeko omenaldian, billabonatar guztiak malkotan utzi zituen, gaixorik baina indartsu, «Remiren hiztegia» bezala izendatu zuen idatzia irakurri zuenean. 15 hitzez osatu zuen aipatu hiztegia.
29 urte zituen. Gure buru eta gogoak, orain, Aritz senarra eta Ixiar, Jexus eta haren bi anaiekin daude, Mikel eta Arkaitz. Eta amasar guztien ondoan. Jakin bai baitakigu zenbat maite zuten amasarrek Josune.
Gaztea, emakumea, konprometitua, euskaltzale porrokatua, ezkertiarra, gainerako munduko herriekin -borrokan dauden herriekin- lanerako grina berezia adierazten zuen emakumea (zein gogoan ditugun egunotan Segundo Montes komunitateko gure lagun burkideak), Villabonako Udalean eta herrian arrastoa utzi duena, intelektualki konprometitua, herri honen askatasuna ikuspegi historiko eta sozialetik arrazoitzen gutxik bezala zekiena Villabonan, euskal estatuaren aldeko defendatzaile sutsua, Amasaren eta amasarren eskakizun eta ametsak inork ez bezala defendatu zituena, ezker abertzalean asko maite izan dugun pertsona, azken urte honetan bere gaixoaldia nola eraman duen ikusita, bere zintzotasunak eta kemenak ileak harrotu arazi dizkiguna, Remiren heriotzaren ondotik bere indar apurrak ezker abertzalearekin konpartitzen jakin duena, Villabonako jaietan bere presentziak askotan hunkitu gaituena. Emakumearen alde Villabonan alor instituzionaletik behintzat, lan egin duen lehen emakumea. Herri eta nazio gisa identitate forma ezberdinak (kantua, ohiturak...) gorde behar direlako uste sendoa zuena, Nafarroari buruz lehen aldikoz Villabonan hitz egin zedin bermatu zuen historialari ameslaria, «gaixo bai, baina tuntunduta ez» bere azken urteko bizi lelo egin zuena. Zintzotasuna alde guztietatik zerion gaztea. Hiltzeko ere bere duintasuna borrokatu duen emakume leiala. Politikaren bitartez, herri hau Europan nazio handia izan daitekeela oso argi zuena. Independentzia beste aukerarik ez dugula oso garbi zuena. Baserritarra izateaz harro, baserriaren ekarpena, natur eta ekologia ikuspegitik, kalekumeak garenoi azaltzen saiatu zena. Horixe zen Josune. Eta min handia badaukagu ere, Remiri zor diogun bezala Josunerekin ere zorretan gaudelako borrokan jarraituko dugu herri berri bat eta mundu berri bat eraikitzeko. Zuen ametsak egia bihurtzea gure kontu, kamaradak. Maite zaituztegu.