GARA > Idatzia > Kultura

EiTB taldeak jarraipen zehatza egingo dio aurtengo Zinemaldiari

GARA | DONOSTIA

EiTBk eta Zinemaldiak ituna sinatu zuten atzo. Hitzarmen horri esker, jarraipen zabala egingo dio euskal komunikabide publikoak Donostiako jaialdiari, eta presentzia handia izango du taldearen kate guztietan. Gainera, Zinemira (Euskal Zinemaren Panorama) sailaren babesle izaten jarraitzen du EiTB taldeak, bigarren urtez.

Irailaren 17an hasiera ekitaldia eskainiko du ETB-1ek. Julian Roberts aktoreari emango dioten Donostia saria ere ikusi ahal izango da ETBn hilaren 20an eta irailaren 25ean aurtengo Zinemaldiari agur esateko gala eskainiko dute.

«Gaur Egun» eta «Teleberri» albistegien edizio guztietan eta «Euskadi Directo»-n zinema-jaialdiari tarte berezia eskainiko diote. Ekitaldiak izaten diren tokiekin konexioak egingo dituzte zuzenean eta erreportaje zabalak prestatuko dituzte.

Zinemaldiaren inguruko edukiak telebistako beste saioen bitartez ere zabalduko dira, eta Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere adi-adi jarraituko dute bederatzi egunetan Donostian gertatuko den guztia.

Zinemaldiaren historia

Horrez gain, ETBk Zinemaldian aurkeztuko diren film batzuetan parte hartzen du, Zinemira saileko bost pelikuletan eta Zabaltegin emango duten batean. Azken hau Mikel Ruedak zuzendutako «Izarren argia» da. Zinemirakoak berriz, jada ezagunak diren «80 egunean», «Mugaldekoak» eta «Simplemente» dira, eta bertan estreinatuko diren «Debekatuta dago oroitzea», Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariena eta «Amerikanuak», Nacho Reig arduradun duena.

Zinemaldiaren 58. edizioarekin bat, berrikuntza garrantzitsu bat ere badakar ETBren programazioak aurten: Diego Galanek zuzendutako «Una historia del Zinemaldia» dokumental sailaren estreinaldia. Hamahiru atalez osatua, datorren astean aurkeztu eta ondoren ETB-2n emango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo