GARA > Idatzia > Kultura

Intrigaz eta abenturaz josita, gazteentzako lan bana dakarte Mendigurenek eta Mendozak

Xabier Mendigurenen «Buelta bat aitontxuarekin» eta Asier Mendozaren «Beste gu» lanak argitaratu ditu Elkar-ek, Xaguxar sailaren barnean. Haur eta gazteei zuzenduriko bi istorio erakargarri, abenturaz blai.

p042_f01.jpg

Julene LARRAÑAGA | BILBO

«Beste gu» eta «Buelta bat aitontxuarekin» dira Elkarrek haur eta gazteentzako Xaguxar sailaren barnean kaleratu dituen lan berriak. Atzo aurkeztu ziren bi liburuak Bilbon, eta bertan izan ziren Xabier Mendiguren eta Asier Mendoza egileak, baita Patxi Gallego ere, Mendigurenen libururako ilustrazioak egiteaz arduratu dena.

Lezamako Udalak Elkar argitaletxearekin batera antolatzen duen Mikel Zarate haur literaturako saria irabazi zuen Mendozaren «Beste gu» lanak. Honako hau da Asier Mendozak (Zarautz, 1971) argitaratu duen lehenengo liburua, eta bertan, banpiroen inguruko istorio bat kontatzen du. Kristian kezkatuta dago, banpiroa dela uste baitu. Gaztetxo askok bezala, eguneroko bat idazten du, eta bertan idazten dituenei esker jarraituko du irakurleak kontakizunaren haria. «Zuria eta beltza, ohikoa eta arraroa denaren arteko kontrastea erakutsi nahi izan dut lan honetan. Horri egiten dio erreferentzia izenburuak ere», adierazi zuen Mendozak.

Birraitonarekin Ferrarian

Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964) lan ugari kaleratu ditu bai helduentzat, bai haurrentzat. Ia hogeita hamar urte igaro dira haurrentzako lehenengo liburua kaleratu zuenetik.

«Buelta bat aitontxuarekin» birraitona eta birbiloba baten istorio freskoa da. 100 urte bete ditu Paxkualek, zaharren egoitzan bizi den Malenen birraitonak. Malen bisitan joango zaio, baina han ez dago festa gehiegirik. Bada, ordea, Paxkualek gustura jasoko lukeen gutizia bat: autoan buelta bat ematea. Hala, Malen eta biek ihes egingo dute ferrari batean.

«Askatasun nahiaren ideia helarazi nahi nuen istorio honekin, lau hormen artetik ihes egin nahi duenarena», adierazi zuen Mendigurenek. Bestalde, «berehala erabaki nuen Patxi Gallego izan behar zela irudiak egingo zituena». Gallego bera ere pozik agertu zen egindako lanaz. «Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta bion artean konplizitate handia dugu. Horrek asko erraztu digu lana», esan zuen marrazkilariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo