GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA Euskal Kostaldeko Musikaldia

Poesia, birtuosismoa eta emozioa

Maite IDIRIN         

Angeluko San Leon elizan ospatu zen asteartean ezohiko egitaraua zeraman kontzertua. Trio bat osatu zuten. Horietariko bi, Musikaldian ezagunak dira: Nicholas Angelich (pianoa) eta Renaud Capuçon (biolina), alegia.  Biak goi mailako mundu osoko orkestrekin eta interpreteekin programatuak dira. Hirugarrena, David Guerrier (tronpa) gaztea.

Lehen zatian, R. Schumannen bi konposizio eman zituzten. Hasteko, tronpa armoniko eta pianorako adagioa eskaini ziguten. Atzokoan, entsegu falta nabaritu genuen. Jarraian, biolin eta pianorako konposatutako Schumanen bigarren sonata (op.121) eskaini ziguten Capuçon eta Angelichek. Bi interpreteek birtuosismoa eta emozioa nabarmentzea handizki lortu zuten.

Bigarren partean, J. Brahmsek piano, biolin eta ehizako tronparako idatzi zuen opus.40 eskaini ziguten. Malenkoniaz betetako andante batekin hasten da, tronpa goxoan sartuz, scherzzo indartsu  batekin jarraitzen duelarik. Adagio mestoan biolina eta tronpa duo zoragarri batean nahasten dira, pianoa indartsu laguntzaile dutelarik. Horrela oihana erakusten zaigu. Finale allegro con brio joaldian, oihanean geratzen den ehizako zaldi lauoinkak eta fanfarreak entzuten dira, tronpa protagonista izanik, eta biolina eta pianoa laguntzaile dituelarik. Brillantsissimo, distiratsu gertatu zen. Publikoaren txaloak eskertzeko, berriz eman zuten azken joaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo