Llorentek ez daki ziur Almerian jokatu ahal izango duen
Asteartean «nahiko urduri» zegoela adierazi zuen aurrelariak, ez baitzitzaion bizkarrean duen mina sendatu. Hala ere, hobetzen dagoela ziurtatu zuen.
Imanol CARRILLO
Bere taldekideak bezalaxe, Joseba Llorente gogor ari da lanean aste honetan, Ligako bigarren jardunaldian ehuneko ehunean egoteko. Hala ere, Hondarribiko aurrelaria, bizkarrean duen mina dela-eta, oraindik ez dago entrenamenduak osatzeko prest.
«Hiruzpalau egun pasa dira jada. Atzo [asteartean] nahiko urduri nengoen, hainbeste egun pasata ez zelako normala. Baina gaur [atzo] badirudi pixka bat hobeto nagoela eta ikusiko dugu ea poliki-poliki zelaira atera eta gehiago egiten dudan», adierazi zuen Llorentek.
Egoera hau ez zaiola gustatzen aitortu zuen. Izan ere, «entrenamenduak galtzen dituzu, ez da erraza taldean ezin izatea egon, hor egon nahi duzulako eta gehienbat orain, dena hasi delako eta ondo hasi dugulako... Ez duzu minutu bat ere galdu nahi».
Baina lesioek ekartzen duten albiste txarra, on bihurtu nahi izan zuen. Hala, nahiz eta «bizkarrean, beheko aldean, min dezente» duen, astelehenerako errekuperatzeko arazorik ez duela edukiko uste du.
Almeriaren aurkako neurketaz ere mintzatu zen gipuzkoarra. Hasteko, Andaluziara egin beharko duten bidaia luzeaz aritu zen: «Azkeneko bi urteetan partida asko jokatu ditugu igande eta asteazkenetan, eta kontzentrazioak oso luzeak egiten dira. Hala ere, hegazkin bakarra hartu behar dugu. Uste dut Hondarribitik aterako garela zuzenean Almeriarantz, eta bada denbora nahikoa gero bertan, bederatziak arte, deskantsatzeko. Partida jokatu eta gero ikusiko dugu esperimentu berri horren emaitza. Hiru puntuak ateratzen baditugu, seguru hurrengoan ere egunean bertan joango garela».
Eta ondoren, Juanma Lillo Almeriako entrenatzaileari buruzko hitzak izan zituen: «Bere kontra partida asko jokatu ditut. Pixka bat kanpotik ezagututa, estrategia asko aldatzen du: 3-4-3, 4-4-2... Gustatzen zaio, eta partidan zehar, horrelako gauzak mugitzen ditu. Erne egon beharko dugu, eta gu geurera».
Hurrengo astean Anoetan Real Madril izango bada ere, Llorentek argi du Almeriaren kontrako partida oso garrantzitsua dela: «Ziur asko, Real Madrilen aurkakoa baino garrantzitsuagoa. Sei punturekin askoz ere motibatuago aterako ginateke Real Madrilen aurka jokatzeko».
Bestalde, gipuzkoarraren taldekide Antoine Griezmann gazteak berriz ere sasoi onean dagoela aitortu zuen, eta baliteke Almeriaren kontra hasierako hamaikakoan jokatzea.
Griezmann hamaikakoan sar liteke
Erdilari frantsesak, gainera, «titularra izatea» espero du, baina Vila-realen aurka oso ondo ikusi zuen Paco Sutil, postu horretarako lehiatzen dagoen beste jokalaria: «Badakit zaila dela, Paco ondo jokatzen ari delako, gauzak ondo egiten ari da».
Hala, Almeriako partida aulkian hasi beharko balu ere, bere taldekideari edozertan lagunduko diola nabarmendu zuen Realeko jokalari gazteak.
Lillori buruz galdetzerakoan, Griezmannek honakoa adierazi zuen: «Hemen zegoenean ikusi nuen bere lana, baina oso gutxitan, ni harrobiarekin bainengoen jokatzen. Gazteen kategorian jokatzea zen nire pentsamendu bakarra. Ez nuen Lillorengan pentsatzen».
Lehen jardunaldian lortutako garaipen garrantzitsuaren ostean, puntuak biltzen jarraitu nahi du erdilariak, egoera ez okertzeko: «Partidak inoiz ez dira berdinak izaten. Aurten etxean zein kanpoan dena eman behar dugu. Kanpoan ere puntuak lortu behar ditugu, oso garrantzitsua baita».
Nahiz eta egunik eta ordurik onenak ez izan, Andaluziako «El Sur» izeneko lagun-talde realzaleko jarraitzaile ugari Almeriara joango dira astelehenean zuri-urdinak animatzera.
Jokalariek gaur jarraituko dute hurrengo partida prestatzen. 09.00etan hasiko dute lana Zubietan, baina jarraitzaileek ezin izango dute ikusi, ateak itxita izango baitituzte.