GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Nahikoa da, demonio!

Marea bizien egunotan nahiko txarto egin dut lo, ezinean sarritan. Ohikoa dena baino ur gehiago kontsumitu dut etxean, goizero begiak sartuta ohetik mela-mela eginda altxatu eta segituan pare bat dutxa hartu behar izan dut eta. Eta izarak eguzkitara zabaldu. Batzuetan koltxoia bera ere. Bai, itzela izan da amesgaiztoen itzala. Hor ibili naiz, ohean, ezker-eskuin, ezinean, gorputz-adarrak, salbuespenik gabe, urduri antzera, begirik ezin itxi, lehengo erromeria haietako txitxi-burruntzien modura bueltaka batera eta bestera, eta bero, izerdi patsetan, izerdi flotan. Bai, nahikoa lana izan du uraren kontagailuko orratzak egunotan. Eskerrak izerdi-tantak sikiera lapiko batera bildu ditudan goizero! Datorren asteko garbantzuak beratzen ipintzeko beste behintzat jaso baietz! Amesgaizto halakoak! Hor agertu zaizkit, gauero hainbatetan, hango eta hemengo Barne saileko pertsonaiak, soilburuak, jo eta ke, etengabeko arian, behin eta berriz, temati, setatsu, astun, jasangaitz, papagaiak gogoan, «insuficiente, insuficiente, insuficiente, insuficiente...» eta dzast! kolpe batean esnatzen nintzen, «nahikoa!» ozenki oihuka, eta dardarakor, beroaren zirrikituren batetik sartutako hotzikara batek hartuta edo. Baina mila demonio! pentsatu dut holakoetan, hainbeste insuficiente ez al dira suficiente? Tira! harira. Berriro ere ametsetan hasten saiatu eta horra hor non agertu zitzaidan ilunpetik Donostiako gotzaina bera «insuficiente, insuficiente...» tartean «Zutik EH» adierazpenaren dozenaka ale zezen-plazaren aurrean erretzen zegoela, eliza-borroka hartu litekeen ekintza batean... latinez behin eta berriz, jo eta ke, «insuficiente, insuficiente...» oihuka, eskuak zerurantz zabal; handik minutu gutxira ostarteak itxi eta kristoren euri-jasa botatzen hasi zen.... Eta dzast! kolpe batean berriro esnatu behar ere, eta ezkerreko eskua ohe azpira luzatuta pixontziaren ondoko lapikoa hartu eta horra! ehunka izerdi-tanta gehitu nuen. Buelta eman eta lo egiten berriz saiatu. Non ez ziren bost segundo pasa eta beheko Estatuaren presidentea agertu zitzaidan, ilunpetik berau ere, eskuineko eskua iparrerantz luzatuta «insuficiente, insuficiente...» bere atzean Nazioarteko Diru Funtseko sailburu bat zegoela, eskuineko eskua presidentearengana luzatuta «insuficiente, insuficiente...» Eta dzast! kolpe batean esnatu, ostera ere. Eguna urratzen hasia zen, baina berotzeko insuficiente oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo