Sexy Center saltoki berritzailea ireki dute Basusarrin
Bikoteentzako produktuak saltzen dituen azalera handiko saltokia ireki berri dute Basusarrin. Supermerkatuan bezala karrotxoa hartuta, edo, bestela, askoz diskretuagoa den plastikozko poltsa beltza eskuan, linjeria, mozorroak, jokoak, olioak, liburuak edota bestelako artikulu sexiak eros daitezke.Idoia ERASO
Sex shoparen kontzeptua alde batera utzi nahi izan dute Sexy Centerreko arduradunek, izenak sortzen dituen aurreiritziak baztertu nahi izan baitituzte. Hala, Basusarriko azalera handiko saltokian, sexuarekin erlazionatutako helduentzako produktuak saltzen dituzte 300 metro karratuko azaleran, besterik ez.
Baionako autobidetik hurbil dago Sexy Center. Kokagunea enpresaren politikaren ondorio dela azaldu du dendaren sortzailea den Serge Louski-Panek: «Autobidetik gure dendara ailegatzea erreza izatea garrantzitsua da. Izan ere, 150 kilometroko distantzian bizi den jendea ere etortzen da helburua». Dendak arrakasta izango duela uste du Louski-Panek, eta, horren erakusle, gune bat erreserbatuta du jada saltokia handitu beharko balitz erabiltzeko. Bai Bordelen bai Okzitaniako Tolosan dituen dendatan astero 3.000 pertsona izaten dituztela azpimarratu du saltokion jabeak.
Bezero gehienak emakumezkoak dira. Azaldu digunez, lagunekin zein bikotearekin hurbiltzen dira emakumeak dendara. «Adin guztietako bezeroak hurbiltzen dira guregana. Hori bai, inolako zalantzarik gabe, gehienak emazteak direla esan dezakegu. Lagun artean etortzen dira eta elkarri gomendioak ematen aritzen dira lasai-lasai; ez dituzte gizonezkoen tabuak. Behin tokia ezagutu ondoren, bikotekidea ekartzen dute sarritan; izan ere, emakumeak du beti gizona ekartzen. Etortzen diren gizonezkoak, aldiz, bakarrik eta goizetan etortzen dira gehienetan, lotsatu egiten baitira», azaldu digu jabeak.
Alemania, aitzindaria
Sexy Centerreko sortzailea izateaz gain, sexuarekin loturiko produktuen Estatu frantseseko handizkako merkatari garrantzitsuena ere bada Serge Louski-Pane. Horrek merkatuaren ezagupen zehatza izatea ahalbidetzen dio. Merkatua, «inolako zalantzarik gabe», garapen handia bizitzen ari dela baieztatu digu. «Produktu hauen demokratizazioa ematen ari da, urte luzez izandako tabuak galtzen ari baitira», gaineratu du.
Dendaren kontzeptua Alemaniatik ekarri zuen duela zortzi urte Serge Louski-Panek, bertan horrelako 3.000 denda baitaude. Bigarren Mundu Gerran pilotua izandako emakume batena izan zen ideia. Preserbatiboaren aldeko kanpainak egiten aritu ostean, emakumeen plazeraren aldeko borrokan murgiltzea erabaki zuen; hala, plazera lortzen laguntzen duten produktuak saltzen aitzindaria izan zen.
Alemanian sexuarekin lotutako azalera handiko dendek duten arrakasta ikusita, ideia bereganatzea deliberatu zuen Louski-Panek. Herrien arteko berezitasunak hizpide, honakoa nabarmendu digu: «Italiarrak erromantikoak dira eta itxurari garrantzi handia ematen diote; jantzi politak maite dituzte. Alemaniarrak, aldiz, hard edo gogorragoak dira; hau da, muturrekoagoak. Bikote mailan ere hala dira. Frantsesek eta espainolek, azkenik, sedukzioaren jokoari garrantzi handia ematen diote; bikotearen ongizatea eta jokoak maite dituzte». Horren erakusle, bere dendatan gehien saltzen diren gaiak masajeak emateko produktuak eta jokoak dira.
Dendara sartu eta berehala, linjeriako produktuak eta soineko sexiak aurkitzen ditu bisitariak. Dendako arduraduna den Myriam Pottierrek argiki adierazi bezala, «sexiak eta chic-ak dira, baina ez zabarrak». Bertara hurbilduta azken momentuko moden berri ere izan ahal da: «Kortse anitz ditugu, oso modan baitira azkenaldi honetan». Jantziei loturik mozorro erakargarriak ere aurki daitezke. «Gehien saltzen diren mozorroak erizainarena, poliziarena eta ikasle sexiarena dira», argitu digu Pottierrek.
Askotariko jokoak ere aurki daitezke Basusarrin, adibidez striptease jokoak edota galdera intimoei erantzutea eskatzen duten mahai jokoak. Maitasunaren jokoan baliagarriak izan daitezken bitxi itxurako esku-sareak, zetazko maskarak edota arrosa petaloak ere badira. Sex-toy ugari, kitzikagarriak, atzeratzaileak, labaingarriak... ere ez dira falta. Nahi den oro aurki daiteke, baita jangarriak diren barne arropak ere.
Produktu ohikoenak, hau da ezagunenak, sarrerako erakustoki nagusietan kokatu dituzte, baina, dendan zehar gehiago murgilduz gero, bestelako produktu askoz harrigarriagoak aurki daitezke; esaterako, jantzi ausartagoak edo gaualdi berezietarako produktuak. «Antolaketa oso ongi pentsatu dugu. Izan ere, ez dugu inor sumindu nahi; guregana askotariko jendea hurbiltzea da xedea», nabarmendu du Myriam Pottierrek.