GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Mari Zulaika Informatikaria

Oraindik ere, «hable en cristiano»

Beldur ginen Gobernu aldaketa ez ote zen izango horrelako jarreren eragile eta babesle, eta Begoñan bizitakoak hortik apuntatzen du. Ez ikasteaz gain, badira euskara arbuiatzeraino ausartzen direnak, muinetan min emango balie bezala, «hable en cristiano» oihu xenofobo eta frankista aldarrikatzeraino

Frankoren garaietan maiz entzuten genuen, batez ere irakasle eta funtzionarioen ahotik, ondoko esakune zantarra: «Hable en cristiano». Baina, gaur berriz entzun behar izana, Bilbon igaro festetan hain zuzen ere, eskolako adinean den neskatila baten ahotik, ez da anekdota arrunta, eta gogoeta eskatzen du.

Begoñako igogailuan azkenak sartzerakoan, ondorengoei deiadar egin nien; «barrura, barrura». Barrutik, lau bat laguntxoekin zihoan neskatilak hala jaurti zidan: «Hable en español». Haserreaz baino harriduraz, honakoa irten zitzaidan: «¿Como con Franco o qué?». Neskatoak, berriz: «Pues, sí, ¿y qué?». Haserretzen hasita, bota nion: «Zoaz ba pikutara». Orduan mutil lagunak bere alde irten zuen: «Un respeto, por favor». Gero eta haserretuago, nik: «El mismo que a Franco, claro». Lurrera iristeaz batera, arin ihesi zuen gazte koadrilak metrora, emazteak eta beste lekukoek lasaitzen ninduten bitartean. Behin eta berriz, honakoa nioen nik: «Hau bortxakeria izan da. Denuntzia jarria behar nuke». Baina probokatzailea desagertua zen. Jazoera hori taberna batean edo kalean gerta izan balitz, ez dakit ze sekuentzi izango zuen honek guztiak, baina ziur ez zela ona izango.

Neskatoaren ateraldiak, egia esan, zirrara egin zidan, garai bateko esakune txar hura aurpegira jaurti izan balidate bezala. Neskak ez zuen ahoa irrigarri asmoz ireki. Hala balitz, ez zuten erreakzionatuko egin zuten eran. Berean jarraitu zuen, desenkusatu beharrean. Dirudienez, euskara ulertzen zuten, baina entzute hutsak tripako mina eragin zien. Nabarmenena niretzat, euskal hizkuntzari dioten amorrua publikoan adierazteko ausardia izan zen.

Orain bi urtetik hona kalean «Euskara en Libertad» aldarrikatzen ari den famili multzo horietakoa izan zitezkeen gure neskatoa eta koadrila. Aldarrikapen hori PSEk asmatu eta erabili zuen hauteskunde kanpainan, eta, behin PPrekin Gobernua sortuz gero, Irakaskuntzan beren Planaren arau nagusi bezala hartu dute. Hain zuzen, Fernando Savater idazlearen «El español, la lengua común» manifestuaren ondorio bat baino ez da. Kontseilari Isabel Celaak hain berea egin duen egitasmo horrek ez du errebindikatzen literalki dioena, hau da, euskaldunok euskaraz egiteko dugun eskubidea. Errebindikatzen duen bakarra zera da: ezin daiteke inolaz ere Euskadiko biztanlerik euskaraz ikastera behartu. Beste era batera esanda, ez duela inork euskaraz ikasteko obligaziorik. Entzutekorik ere ez, agian? Gure gazteek hala uste zuten, nonbait, ezin genitzakeela entzutera behartu, bestela ez zeukaten zergatik erronkatu.

Hasieratik ginen beldur Gobernu berriaren Irakaskuntzako aldaketak ez ote ziren izango horrelako jarreren eragile eta babesle, eta aipatutako gertaerak hortik apuntatzen du. Ez ikasteaz gain, badira euskara arbuiatzeraino ausartzen direnak, muinetan min emango balie bezala, «hable en cristiano» oihu xenofobo eta frankista aldarrikatzeraino. Jakina, gazte horiek, biharko herritarrak, beren ustez eskubide osoz aurkeztuko dira gizarte lan postuetarako, berdin irakaskuntzan, Osakidetzan, funtzionaritzan edo bestelako edozein lanetan, nahiz eta publikoarekin hartu-emana exijitu. Gobernua bera dabil curriculumetako saihesbideak zabaltzen. Beraz, nork bermatu behar digu euskaldunoi euskaraz bizitzeko dugun eskubidea? Ez dut ezagutzen establezimendu pribaturik «Aquí sólo español» dioenik. Establezimendu publikoak ez dute abisatu beharrik ere, nahiz eta gehienetan hala izan.

Ikasturte berriaren aurrean Isabel Celaa Irakaskuntzako sailburu lanpetuak «enpatia» hitza erruz darabilki, batik bat bere bihotzeko biktimen alde. Euskararenganako eta euskaldunenganako «enpatia» ez bada ere, behintzat errespetua pizteko ezer egingo al du eskoletan? Euskaraz ikasi nahi ez duenaren alde agertzen den bezain sutsu, jokabide horrentzako eskubideak asmatzen jardun ordez, zergatik ez aritu euskararen zabalkuntzaren alde? Batzuen eta besteen eskubideak kontrajartzea baino naturalago eta baikorrago ez al da gizartearen integraziorako lurraldeko hizkuntza ere inplikatzea, beharrezko politika ekimenak bideratuz?

Alperrik dabil Hizkuntza Politikako sailburuorde berria, Lourdes Auzmendi, euskararekiko alor denetan murrizketak hitz goxoz zuritu nahian; laga ipuinak Inuzente Egunerako. Hizkuntzek ez dutela eskubiderik esan ohi duzue, baina hizkuntzen erabiltzaileok bai, baditugu. Horregatik denuntziatzen dut neskatoaren portaera nire eskubideen aurkako erasotzat, bortxakeriatzat; beraz, denuntziagarri eta zigorgarri. Noizko euskara espainiera bezain hizkuntza ofiziala?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo