Bilbao aske geratuko da gaur, 29 urte espetxean eman ondoren
Jon Bilbao Astrabuduako preso politikoak askatasuna berreskuratuko du gaur Alacanteko espetxea utzita. Bilbao 1982an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta, 1991n egin zuen ihesaldi saiakera dela-eta, ordutik aurrerako erredentzioak ez dizkiote aplikatu. Amnistiaren aldeko mugimendutik salatu dutenez, Bilbaok «denbora asko egin du bakartuta».GARA |
Ia 29 urte espetxean eman ondoren Jon Bilbao, Astrabuduako euskal preso politikoa, aske geratuko da gaur. Amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman duenez, Bilbaok «aspaldi kalean behar lukeen arren», gaur aterako da Foncalenteko (Alacant) espetxetik.
1982ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuen astrabuduarra Guardia Zibilak eta inkomunikaturik eman zituen bederatzi egunetan «tortura izugarriak» jasan zituela salatu zuen. ETAko kide izatea leporatuta 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Amnistiaren aldeko mugimendutik diotenez, ordea, berarekin batera atxilotu zituzten hainbat kide duela 10 urte irten ziren kalera, espetxe zigorra bera izanda ere. «Jonek aspaldi behar luke kalean, legez onartutako erredentzio eta baldintzapeko askatasunaren aplikazioarekin», azaldu dute. Bilbao, baina, 1991ko maiatzean Mallorcako espetxetik ihes egiten saiatu zen. Ondorioz, bi hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten. Aitzakia horrekin, handik aurrerako berrospenak edo erredentzioak kendu dizkiote, «legez horrela egitea galarazita badago ere»; hala, ihesaldiaren aurretik eskuratutako erredentzioak soilik aplikatu dizkiotelako aterako da orain espetxetik. Era berean, errepresioaren aurkako taldetik jakinarazi dutenez, Bilbaok «espetxealdi ia osoa lehen graduan egin du eta denbora askoan eduki dute bakartuta eta isolatuta». Espetxean emandako 29 urteetan Astrabuduako presoak hainbat presondegi ezagutu ditu; Carabanchel, Puerto, Herrera de la Mancha, Langraitz, Alcala Meco, Sevilla, Mallorca, Tenerife II, Jerez de la Frontera, Algeciras eta Foncalent, besteak beste.
Debekuak debeku, elkartasuna
Herrialde Katalanetan, bestalde, Audientzia Nazional espainolak Bartzelonan egitekoa zen presoen aldeko manifestazioa debekatu ondoren, Born pasealekuaren inguruetan «Marina i Lola. Us volem a casa» lelodun kartelak jarri zituzten, Marina Barnedo eta Lola Lopezen askatasuna eskatuz. Protesta ordua heldu baino ordubete lehenagotik, mossoek pasealekuko sarrerak erabat hartuak zituzten. Ondorioz, eguerdi partean behintzat, Rescat taldeko kideek protesta bertan behera uztea erabaki zuten.
Ez da hau Bartzelonan azken aldian jaso duten debeku bakarra. Duela gutxi, Laura Riera presoari Gracia auzoan prestatutako ongietorria debekatu zuen Audientzia Nazionalak.
«Marina i Lola. Us volem a casa» lelodun kartelak itsatsiz erantzun zioten atzo Bartzelonan presoen aldeko manifestazioari jarritako debekuari.