Argitalpen zaharrak altxor bilakatzen dituen liburu azoka
Ondo bilatuta, pazientziaz eta mimoz, topatuko duzu liburu kutun hori. Irailaren 19ra arte luzatuko den Donostiako XXV. Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokak aspaldiko eta garaiko eleberriak atera ditu kalera. Bizpahiru euroren truke, eraman ezazu literatura apur bat etxera.Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Donostiako Gipuzkoa plazatik paseoan, oinezkoek XXV. Liburu Zaharren eta Aukerakoen Azokarekin egingo dute topo egunotan. Batzuk presaka pasako dira, azken erosketak egiten, agian. Asko, ordea, literatura zale amorratuak direlako, edo kuriosoak direlako, postuetara gerturatuko dira. Ikusgai zer dagoen aztertzeak bere denbora eskatzen du. Aldiz, bezero baten ahotik irtendako hitzek bilaketak fruituak eman ditzakeela argi utzi digu; «hara zer topatu dudan!», dio. Ez da harritzekoa, milaka ale baitaude aukeran, garai eta gai guztietakoak. Hala, liburu kutunarekin topo egitea joko bilakatzen da; altxorraren bila jolasa dirudi!
Azokaren berezitasuna saltzen diren liburuetan datza; ez dira argitaratu berri diren eleberri arrakastatsuak eskaintzen. Iraila inguru honetan bigarren eskuko liburuak, orain dela mende asko idatzi ziren lanen argitalpenak edota garai batean esperotako salmenta oparoak izan ez zituzten obrak eskaintzen dira. Azken horiek, gainera, oso salneurri lehiakorrak izaten dituzte; horren erakusle, edonork eskura dezake kultura apur bat euro bakar baten truke.
Iragan irailaren 3an ireki zen azokak «oso harrera ona» izan duela nabarmendu zuen atzokoan Elkarreko Pako Aizpuruak. Liburu saltzaile honek 24 urte daramatza kaleko azoketan lanean, eta azkenaldian hainbeste aipatzen den krisiak, «zorionez», ez duela kalterik eragin gaineratu zuen. «Asteburuan sekulako jende pila ibili zen, eta astean zehar normalizatu bada ere, ez da etenik izan». Arrakastaren arrazoietako bat aipatutako salneurri merkeak izan daitezke. Jende askorentzat, Aizpuruaren ustez, «arnasa» dira prezio horiek eta ez dute zalantzarik egiten.
Aukerako liburuak erosten dituzten irakurleen artean profil zehatzik ez dagoela dio Aizpuruak. Aldiz, argi du liburu zaharrak erosten dituzten erosleekin ez dutela zerikusirik izaten: «Liburu zaharrak erosten dituztenek, edukia baino gehiago, kanpokoa miresten dute; alegia, liburua bera. Normalean bildumagileak izaten dira, garrantzia ematen diote lehen edizioa izateari... Irakurtzea maite duten arren, kutsu erromantikoa dute. Bezero horiek, oro har, ez dute aparteko interesik erakusten kaleratu berri diren eleberri arrakastatsuengatik. Alea da maite dutena».
Liburu zaharren erosleak oso ondo ezagutzen ditu Txema Sandovalek. Gasteizen Sekhmet deitutako liburu denda du. Historiaren lekuko izan diren liburuz gainezka ditu apalak; argitalpen mardulak dira, urrezko hizkiz dekoratutako azalak dituztenak. Horien artean, Gaztelako erregeez mintzatzen den 1700. urteko liburua du; azokara eraman duen zaharrena da.
Aizpuruaren antzera, Sandovalek oso gustuko du azoketan ibiltzea, «bezeroarengana gerturatzen nauelako». «Asko ikasten dugu elkarrengandik», onartu du.
Liburu saltzaile bezala 30 urte bete behar dituen honetan, Gipuzkoan, Nafarroan bezala, gero eta gehiago saltzen dela nabarmendu du Sandovalek. «Bezeroak adituak eta gustu zorrotzekoak dira». Bilbon, bestalde, salmentek behera egin dutela azaldu du, liburu guztiak azoka bakarrean elkartu baitituzte. «Nire ustez, aukerako liburuak eta liburu zaharrak azoka ezberdinetan eskaini behar dira, finean, produktu ezberdinak baitira. Egoerari bultzada emango lioke agian».
«Gasteizeko Liburu Zaharren Azoka alkateak inauguratzen du. Bilbon beste hainbeste egiten da. Eta Donostian? Ba Elorza jauna ez da inoiz bertaratu», salatu zuen Sandovalek. «Ez dut kritika moduan esaten, baina harrigarria iruditzen zait alkate jaunaren ardura eza». Bere aburuz, «ez da bidezkoa» argitalpen berriak eskaintzen dituen uztaileko azokara bisita egitea, eta, aldiz, iraileko azoka honi «jaramonik ez egitea». Halaber, liburutegi pribatu, publiko eta erakunde ofizialekin gauza bera gertatzen dela gaineratu zuen. «Ez al dira ohartzen hau ere ondarea dela? Argitalpen askoren ale bakarrak daude eta guk geuk ditugu horiek».
Liburu Zaharren Azokak urtero Donostiako Zinemaldiarekin denboran bat egiten duenez, zuzendari eta aktore ugari bertaratzen dira liburuak erostera. Iaz esaterako, Quentin Tarantino. «Harrituta zegoen horrelako liburuak kalean ikustearekin. Izan ere, AEBetan horrelakoak eskuratzea oso zaila da». Azoka eta Zinemaldia elkarrekin ospatzen direla aprobetxatuz, etorkizunari begira jaialdiarekin lotutako bilduma berezi bat egitea gustatuko litzaioke Sandovali. O.L.
Txema Sandoval eta Pako Aizpuruak nabarmendu dutenez, egunotan salgai dauden milaka liburuen artean, sukaldaritza, mendia, euskal gatazka eta artea mintzagai dutenak dira salduenak. Haur literaturako lanak ere oso harrera ona izaten ari direla azaldu du Elkarreko Aizpuruak.